Síguenos en redes sociales:

Osakidetzako langilei

Osakidetzako langileok: Zuekin harremanetan egon gara Mikelen gaixotasuna bitarteko, eta eman diguzuen laguntza eskertu nahi dizuegu. Urte luzez egon gara harremanetan eta une latzak bizitzea tokatu zaigunean, hor egon zarete bidelagun, ahal den guztian laguntzeko, beharrezkoak diren azalpenak emateko nahi eta behar beste aldiz. Ez duzue presarik izan gure nahigabe eta atsekabeak barrutik atera nahi izan ditugunean eta, zuengana hurbildu garenean entzuten jakin duzue. Horrela indarberrituta jarraitu ahal izan dugu gaixotasunari aurre egiten. Eskerrik asko bihotzez. Ezin duzue imajinatu zenbaterainoko laguntza eman diguzuen, batez ere Begok, Deustuko osasun zentroko erizainak. Esker honetan ezin ahaztu familia medikua eta izan dituen gaixotasunengatik berarekin egon diren medikuak bai Deustuko osasun zentrokoak bai Basurtoko ospitalekoak. Orain askoz hobeto ulertzen dugu zuen lana ez dela botikak ematea bakarrik, entzuten jakitea, hitz egokiak esatea eta beti irribarretsu artatzea ere bada. Gaixotasunaren atzean pertsona ikusten duzue eta horrek gaixo eta familiari ematen dion animo eta gogoa ezin dira paper batean adierazi. Eskerrik beroena.