Eskerrik zintzoenak Kultura diputatuari
Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Kultura diputatu andereari nire eskerrik zintzoenak agertzea gura nuke. Arrazoia hau da: Hil honen 6an, Durangoko 47. Euskal Liburu eta Disko Azokaren inaugurazio ofizialean, beren beregi Jose Luis Lizundiarekiko aitormen publikoa egin zuelako bere mintzaldian. Ekitaldia amaitu ostean eta bere jarrera eskertu, erantzun zidan bi izen bakarrik aipatu nahi izan zituela, Lauaxeta eta ni. Ondratuago sentitu nintzen.
Azokaren sortzaileetarikoa, lehen hamar urteetan zuzendari-tza kidetza utzi nuelarik - horregatik idatzi nuen ANAITASUNA aldizkarian, Joan Mari Torrealdairen eskariz, bera aldizkariaren zuzendari zela, 1975.eko urriaren 31an, "Hamar urtetako kronika" eta berrogeitazazpi azoketan zertan edo hartan -aurten hizlari legez- partaide izan naizenez gero, aitormen hori, adin honetan, benetan pozgarria izan da.
Mila esker Josune. Zurekiko nik ere badut aitormen bat egin beharra. Duela zortzi urte jubilatu arte Euskaltzaindiaren idazkariorde-kudeatzaile izan nintzen eta, publikoki esan dezaket, Jaurlaritzan solaskide hobeagorik ez dudala ezagutu eta, hori bazekiten Jose Antonio Arana diruzain zenak eta Juanjo Zearreta ekonomi-eragile zenak, eta hori euskaltzain bati baino gehiagori esana diet, zeren eta Administrazioaren eta Akademiaren arteko arazoak bidera-tzeko, ez genuen zertan Lakuara joan beharrik, zeu etortzen zinen Plaza Barriko egoitzara. Eta ez hori bakarrik, bazenekien Euskal Herri osoko hizkuntza erakunde nagusiaren balio erantsia aitor-tzen ere. Eta hala jarraitzen duzu.