Ezer baino lehen, badakit lerro honeek ez dirala Oscar de Marcos Aranaren gustokoak izango. Izan be, bere agurreko partiduaren ostean esan eban legez, ez da laudorio zalea, bere aita lez. Antza kontu genetikoa ei da. Ba, jokalari arabarraren ganean pentsauta burutu datoztezan gauza guztiak –edo ia guztiak, inor ez da perfektua-eta– positiboak dira eta berba gozoak bakarrik esan neikez.

Hamasei denporaldi luzeren ostean, eta 573 partidu jokatuta elastiko zuri-gorriagaz, Oscar de Marcosek agur esan deutso Athletici. Arabarrak itxitako errastua oso sakona da. Kirol arloari jagokonez, hasierako hamaikakoan jokatu dau bere azken partidua. Horrek esan gura dau, berak itxi dauela futbola eta ez futbolak bera. Valverdek faltan botako dau bere eskoiko hegaleko jokalaria. Baina De Marcosek itxiko dauen hutsunerik handiena ez da bedartzan igarriko, aldagela barruan baino. Izan be, oso pertsona maitatuta eta errespetatua izan da, da eta izango da Athleticen. Izango da dinot, ze berari aitxitxegaz jazoten jakon moduan –“Laguardiara noan bakotxean bertan dagoela sentitzen dot” esan dau– De Marcos beti egongo da talde zuri-gorrian. Ahaztuezina da. Hori bai, Jauregizar edota Unai Gomezelako harrobitik lehen taldera iritsitako jokalari gazteek beste erreferente bat bilatu beharko dabe taldekide beteranoen artean.

“Jokalari gitxi egongo dira munduan zuk irabazi dituzun tituluekin: gizatasunaren txapeldun, umiltasunaren txapeldun, elkartasunaren txapeldun, maisu, kapitain, eredu zelaian eta zelaitik kanpo”. Ez dira nire berbak, Aritz Adurizenak baino, baina neuk be erabili gura dodaz, ederto azaltzen dabelako zer izan dan Oscar de Marcos.

Baina dana ez da laudorioa izango. Hamasei denporaldi luze honeetan behin baino gehiagotan eskatu deutsat berba batzuk euskeraz egiteko eta beti erantzuten eustan hurrengo urtean egingo ebazala. Urteak joan eta urteak etorri, De Marcos jubilau egin jaku euskeraz egin barik. Dana dala, parkatuta dago.

Kirol jardunari jagokonez, ezin txarrik esan Athleticegaz 573 partidu jokatu dituen gizonari buruz. Hori bai, oina trabestuta zelairatzen zanean, botea barik txokoloa jantzita eukala pentsa eitekean eta eskoitik –bere betiko hegaletik– egiten ebazan erdiraketak norabide okerreko harrikadak ziran askotan. Beti pentsa izan dot De Marcos ez dala atzelaria izan, erdilaria baino. Sarritan zelaian igarri egiten jakon pertsona onegia dala ez ebalako behar besteko sendotasuna edo kontundentzia erakusten defentsa lanetan. Halandabe, edozein entrenatzailek bere taldean gura dauen jokalaria da.

Gurpegik futbola ixtea erabaki ebanean libre itxi eban hamazortzigarren zenbakia hartu eban Oscar De Marcos Aranak, bizkarrean eroian eta izar guztiek gura daben hamarra lagata. Gurpegi eta De Marcos antzeko pertsonak dira. Zintzoak, onak, apalak, oso-osokoak. Arabarra jubilauta, hamazortzigarren zenbakia umezurtz geratu da baina ez luzaroan. Izan be, leitekeena da Mikel Jauregizar Alboniga gazteak hartzea taldekide maitatuaren eta maisuaren herentzia. Adierazgarria benetan.

Eta ezin ikasturteko azken brankaganekoa amaitu, Athleticek egindako denporaldi bikaina nabarmendu eta goraipatu barik. Gabarrea atara genduan aurreko urteko apirilean kopea irabazi izana ospatzeko berrogei urte eta gero, eta Txapeldunen Ligarako sailkapena ospatzen gabilz urte bete beranduago ligan laugarren amaituta. Hori guztia, Europako Ligan jokatutako hamalau partiduetan erakutsitako maila bikaina ahaztu barik. Urte gogoangarria.