ORAIN dala urte asko nire lagun batek hamahirukoa asmatu eban Espainiako futbol ligearen kinielan. Pozarren joan zan bere saria jasotera, dirutzea hartuko ebala pentsauta. Koitaduak, ostera, hiru lau ogerleku bakarrik jaso ebazan hamahirukoa asmatu ebenen kopurua ikaragarri handia izan zalako. Hau da, pronostiko ia guztiak bete egin ziran. Horrelako zeozer gertatatzen dabil arraun denporaldiaren hasiera honetan. Bost liga jokatzen dira eta irabazleak bardinak izan dira estropada guztietan. Bermeo-Urdaibai nagusi izan da Eusko Label Ligearen lehen estropada bietan A Coruñan eta Bueun, gauza bera egin dau Arraun Lagunakek Euskotren ligan, San Juanek ez dau aurkaririk izan KAE1 ligako lehen hiru jardunaldietan eta ETE ligan Zumaia nagusitu da orain arte jokatutako lau lehiatan. KAE2 ligan bakarrik egon da irabazle bat baino gehiago. Astillerok bandera bi eskuratu ditu eta Castreñak bat. Bateren batek esan leike ligak aspergarri eta emozino barik hasi dirala. Ikusteko dago norarte luzatuko dan Bermeo, Arraun Lagunak, San Juan eta Zumaiaren bolada ona.
Urdaibaik inoiz baino indartsuago ekin deutso Eusko Label Ligeari lehen estropada biak irabazita. Ganera, Bou Bizkaiak bere ehungarren banderea eskuratu eban domekan Bueuko uretan. A Coruñan ia hamabi segunduko aldea kendu eutson bigarrenari. Domekan, ostera, Zierbena bezperan baino azkarrago ibili zan eta istutu egin eban Urdaibai estropadearen azken txanpara arte. Gaur gaurkoz, Dani Perezek zuzentzen dauen trainerua da Bou Bizkaiaren nagusitasuna kolokan ipini leiken ekipo bakarra. Hori bai, ohorezko txandan aritzeko hautagaien zerrendea hasiera baten uste baino luzeagoa da, Oriok eta Getariak maila bikaina erakutsi dabe-eta Galizian jokatutako ligako lehen estropada bietan.
Parekotasuna da nagusi hortik aurrera, Ondarroa, Lekittarra, Cabo, eta Kaikuren artean. San Pedro moltzo horretan sartu zan zapatuan baina domekan urrun geratu zan. Galiziako estropadek garbi erakutsi dabe Bueu dala mailako talderik makalena eta hautagai nagusia sailkapeneko azken posturako.
Iñaki Errasti, Ondarroako entrenatzaileak, garbi esan eban denporaldiari ekin aurretik bere trainerua aurrerapausu bat emoteko gauza ikusten ebala. Antiguako Ama zortzigarren sailkatu zan lehen jardunaldian eta zazpigarren bigarrengoan. Garbi esan geinke, Ondarroako traineruak hasiera bikaina emon deutsola denporaldiari. Auzokoena baino hasiera gorabeheratsuagoa egin dau Lekittarrak, zazpigarren A Coruñan eta bederatzigarren Bueun. Edozelan be, puntu uzta ona lortu dau atzetik lau traineru itxita, eta bigarren txandan lehiatuko da hurrengo estropadan. Kaiku, bizirik eta ezusteko barik itzuli da Galiziako estropadetatik. Sailkapenean hamargarren egon arren, oso hurre egon da aurretik dituen lehiakideetatik.
KAE1 Ligan, nabarmentzekoa da Arkoteren errendimenduak azken estropada bietan izan dauen hobekuntzea, lehen jardunaldian bosgarren sailkatu ostean. Santurtzi eta Portugalete negargarri aritu ziran zapatuan baina errekuperatu egin ziran domekan Zumaiako erlojupekoan. Deustun badakie sufridu egingo dabela maileari eusteko.
ETE ligan gauzak ez doaz ondo Bizkaiko traineruentzat. Deustu eta Ondarroa azken lekuetatik urten ezinik dabilz eta Kaiku bosgarren posturaino jaitsi zan azken estropadan. KAE2 Ligan, ostera, Busturialdea gero eta hobeto dabil, Elantxobeko estropadan, olatu artean, erakutsi eban lez. Lutxanak lanean jarraitzen dau, eta ez da gitxi.