Zortzi hilebete luze igaro dira 2023ko traineru denporaldiko azken estropadea jokatu zanetik eta aurtengo lehen norgehiagoka ofiziala jokatu bitartean, baina tarte luze horretan panoramea ez da lar aldatu. Ezer bere ez, esango neuke. Estropada bakar batetik –Bizkaiko txapelketatik– ezin da ondorio sakonegirik atara. Ganera, arraun egiteko baldintzak oso exijenteak izan ziran domekan Lekeition, deserosoak arraunlarientzat. Halanda be, Lekeition jokatutako estropadak zertzelada batzuk itxi deuskuz, aurtengo traineru denporaldia nondik joan daiteken ikusteko. Hasteko, Bermeoko traineruak berretsi egin dau danok pentsetan doguna: Bou Bizkaia faborito nagusia dala denporaldiko estropada garrantzitsuenak irabazteko. Iker Zabalak zuzentzen dauen taldeak zazpi arraunlari barri ditu aurten igazko plantileagaz alderatuta. Bizkaiko txapelketan, ostera, garbi geratu da zein izango dan hareek eukiko daben eginkizuna edo rola denporaldi honetan. Izan be, etorri barrietatik bakar bat, Bersaitz Azkue zarauztarra, baino ez zan izan Bou Bizkaiaren tostetan domekan Lekeition jokatutako estropadan. Jon Etxaniz, aurten Hondarribian dabilen zumaiarraren lekua hartu dau estribor aldeko seigarren tostan. Horregaz batera, igaz Bermeora iritsi zan Diego Pérez gazteak hartu dau Ander Zabalak itxitako lekua. Kontuak kontu, Iker Zabalak eutsi egiten deutso azken urte bietako bloke sendoari eta, jakina, badakigu zer egiteko gauza dan.

Zierbenari jagokonez, bigarren sailkatu zan igaz Eusko Label Ligan zein Kontxako banderan eta oso traineru lehiakorra dala erakutsi eban estropada guztietan. Aurten be, bigarren postu bategaz ekin deutso denporaldiari baina garbi dago oso kontutan hartzeko lehiakidea izango dala. Ganera, Dani Pérez entrenatzailearen bigarren urtea izanda, aurrepausu bat emotea itxaron behar dogu.

Lekittarrak maila ona emon eban denporaldiko lehen estropadan. Osertz Aldairen koadrilak helburu guztiak bete ebazan domekako norgehiagokan. Hasteko, errez menderatu eban Kaiku, Eusko Label Ligeari eusteko lehian aurkari izango dauan trainerua. Beste alde batetik, bigarren postua eskuratzeko lehian ibili zan Zierbenagaz, estropadearen lehen zatian, bigarrengoan amore emon behar izan eban arren. Eta azkenik, lekeitiarrek sailkapeneko hirugarren postua eskuratu eben, Ondarroaren aurretik, eta Euskadiko txapelketan lehiatzeko aukera eukiko dabe datorren domekan Donostian. Itxaropentsu eta baikor egoteko moduko hasierea emon deutsoe denporaldiari.

Lan gatxa euki eban Ondarroako Antiguako Amak Bizkaiko txapelketan. Izan be, erlojupekoa egin behar izan eban bigarren txandan aritu zalako, KAE1eko Arkote eta Santurtzigaz batera. Iñaki Errastiren taldeak 36 segundutan hobetu eban azken txandan lehiatutako Kaikuren denporea eta hirugarren sailkatutik, Isuntzatik, 7 segundura baino ez zan geratu. Beraz, pozik egoteko moduko emaitzea lortu eban Iñaki Errastiren ekipoak.

Kaiku agertzen jaku txanponaren beste aldean. Jon Elortegiren Bizkaitarra atzean geratu zan hasi eta berehala. Ganera, arazo ugari euki ebazan bueltako luzeetan, olatua atzetik euki ebanean. Oso urrun geratu zan Eusko Label Ligako ganerako ontzietatik.

Emakumezkoetan, Kaikuk barriro lortu eban garaipena baina sufridu egin behar izan eban Ondarroako traineruak lan bikaina egin ebalako itzulerako luzean. Kontrakoa jazo jakon Deusturi, arazo ugari euki ebazan-eta trainerua gobernatzeko olatu artean. Ia zer eskeintzen deuskun orain Euskadiko txapelketak.