Traineru estropadak kirol munduan dagoan ikuskizunik ederrenetakoa dala esango neuke. Azken urteotan ganera, aurrerapausu itzelak egin ditue telebista emonkizunetan eta bertatik bertara jarraitu geinke arraunlarien jarduna. Dana dala, ikuskizunaren aldeko apostuak muga batzuk euki beharko leukezala uste dot. Erreketan jokatzen diran estropaden ganean nabil berbetan. Esan beharrik ez dago, Ibaizabal ibaian jokatzen diran lehiak oso ikusgarriak dirala, traineruen jarduna hur-hurretik jarraitzeko aukerea emoten dabe-eta. Beste alde batetik, tradizio kontua be hortxe dago. Beraz, ez dot nik ezbaian ipiniko errekan jokatzen diran estropaden zilegitasuna. Edozelan be, traineru guztiak ahalik eta baldintza bardintsuenetan lehiatzeko helburuagaz, kontu handiagaz zehaztu beharko lirateke estropadak jokatzeko ordua eta sasoia.

Santurtziko banderea jokatu da domeka honetan eguerdiko 11.30etan hasita, marea erdian eta marea bizietan. Baldintza horreetan korronteak indar handia eukanez, estropada eremuko lau kaleen arteko diferentzia nabarmena zan. Lehen kalea zan txarrena eta laugarrena onena. Adibidez, lehen kaletik aritu ziran Kaiku eta Getaria hamargarren eta hamaikagarren postuetan sailkatu ziran. Laugarren kaletik lehiatu ziran Lekittarra eta Orio, ostera, garaile izan ziran euren txandetan, lekeitiarren kasuan denporaldiko emaitzarik onena lortuta ganera. Eta azken txandan, Hondarribia, laugarren kaletik arituta, Eusko Label Ligea hankaz gora ipinteko zorian egon zan. Ikuskizun ederra, bai, arraunzaleentzako. Ez ostera, arraunlarientzako. Garbi dago, estropada eremu guztietan egoten dirala aldeak kaleen artean. Jakina baietz. Urteko estropadarik ospetsuenean, Kontxan, arraun taldeetako ordezkariak dardakadan egoten dira kale zozketan. Labur esateko, ahalegin guztiak egin behar dira traineru guztiak ahalik eta baldintza bardintsuenetan lehiatu daitezan. Ezin doguz itsasoak eta errekak kontrolatu –beti egongo dira gora-beherak– baina eskuetan daukaguzan baliabide guztiak erabili beharko geunkez estropada eremuak ahalik eta naturalenak izan daitezen. Ikuskizunaren onerako, kirolarien onerako eta kirol lehiaren onerako.

Ez da gauza handirik aldatu Eusko Label Ligan beste bi estropada jokatu ostean. Urdaibaik segiduten dau sailkapenean buruan puntu bateko aldeagaz Hondarribiarekiko. Beheko postuetan be, Meira dago azken postuan eta Santurtzi promozinokoan. Hori bai, ‘Soterak’ urrunago ditu maileari eusteko postuak etxeko estropadan azken postuan amaitu ostean. Ez dauka suerterik aurten Javi Polok zuzentzen dauen ekipoak. Domekan, traineruko aurreko tostan joian Endika Moran uretara jausi zan lehen ziabogan. Gogora ekarri eustan Isuntzako aurrekoa, Ibon Bengoetxea, uretara jausi zanekoa 1999ko El Corte Ingles banderan. Orduan Nerbioi itsasadarreko ura ez egoan hain garbi. Lau urte lehenago, 1995ean Bermeoko estropadan, Xabier Aranbarri lekeitiarra jausi zan uretara Izaro inguruan, olatu handien artean. Zorionez, onik urten eban itsasotik buruan kaskarrondoko pare bat jaso arren.

Ez da gauza handirik aldatu Eusko Label Ligan baina lehiaketea erdi erabagita geratzeko zorian egon zan. Izan be, estropada erdian Hondarribia egoan buruan eta Urdaibai hamargarren. Holan amaitu ezkero, ‘Ama Guadalupekoa’ jarriko zan lehenengo postuan zazpi puntuko aldea kenduta Bermeoko traineruari. Hamar minututan, ostera, ‘Bou Bizkaiak’ barruan eukan guztia atara eta sailkapeneko bigarren posturainoko jauzia egin eban. Txapela kentzeko modukoa.