ZAZPI jardunaldi jokatu dira Eusko Label Ligan eta hondino beste hamabi estropada jokatu behar badira be, lehenengo ondorioak ataraten hasi gaitekez. Urdaibai agertzen zan faborito nagusi lez denporaldi hasierako kiniela guztietan eta kostata izan bada be Bermeoko trainerua barruan daukan indarraren barri emoten hasi da. Iker Zabalaren kuadrilak ez eban suerterik izan A Coruñako estropadan eguraldi aldaketak kaltetu egin ebalako. Ondorioz, ohorezko txandatik kanpo geratu zan bigarren jardunaldian eta kosta egin jakon onenakaz batera lehiatzeko txartela eskuratzea. Petronor banderan, Hondarribia, Donostiarra eta Zierbena alboan zituala, ‘Bou Bizkaiak’ sekulako erakustaldia emon eban bigarren sailkatuari hamazortzi segunduko aldea kenduta. Hurrengo jardunaldian, Bilboko erojupeko estropadan, baina, Urdaibaik orain arteko lasterketarik makalena egin eban, garaipena eskuratzeko faborito nagusia bazan be. Hortik aurrera, ostera, bermeotarrek ez dabe hutsik egin eta etxera eroan ditue Orioko, Sestaoko eta Castroko banderak. Kontuak kontu, eta ikusitakoaren arabera, garbi geratu da Urdaibai dala Eusko Label Ligako talderik indartsuena eta aurkariek beste faktore batzuren –eguraldi aldaketak, akatsak, kaleen arteko aldeak– laguntzea beharko dabela Bermeoko traineruaren nagusitasuna hausteko.
Zierbenari jagokonez, ezin jako gehiago eskatu Dani Perezek zuzentzen dauen taldeari. A Coruñan bandera eskuratu ostean, galipoak garaipenetik hurre geratu dira Donostian eta Bilbon. Baina emaitza kontuen ganetik, azpimarratzekoa da Zierbenako traineruak estropada guztietan erakusten dauen lehiakortasuna. Sestaoko banderan, adibidez, garaipena eskuratzeko aukerarik euki ez arren, ez eban amore emon azken arraunkadara arte eta Hondarribiaren aurretik helmugaratzea lortu eban. Lehiakortasun horrek, garaipen gose horrek, bandera gehiago eroango dauz aurten Zierbenara.
Mailari eusteko borrokea aztertzen badogu, nabarmentzekoa da Lekittarra egiten dabilen denporaldia. Igaz sailkapeneko hamaikagarren postuan amaitu eta maileari eusteko ‘play-off’-a jokatu beharra izan ostean, Osertz Aldaik zuzentzen dauen taldeak hurrago ditu sailkapeneko goialdeko postuak beheko aldekoak baino. Zazpi estropada jokatuta, Isuntzak hamazazpi puntura dauka promozino postua, lehia guztietan erakutsitako erregulartasunari esker. Kaikuk, Lekittarrak baino gora behera gehiago erakutsi arren, lasai dago sailkapeneko erdiko aldean hamaikagarren postutik hamabi puntura. Kortaren taldeak puntu arrantzu onak lortu ditu estropada onak egin dituenean.
Ondarroak astegoien gora-beheratsua euki dau. Bikain Sestaon eta azken aurreko Castron. Ezin esan Antiguako Ama maileari eusteko borrokan ikusteak ezustean harrapau gaituenik. Izan be, Iñaki Errasti entrenatzaileak argi eta garbi esan eban denporaldi hasieran helburua maileari eustea dala. Lau puntuko aldea baino ez dago Santurtzi, maileari eusteko promozino postuan dagoan trainerua, eta Ondarroaren artean, beste hamar estropada geratzen diranean. Gauza asko gertatu daitekez.
Ezustekoak izan dira ETE ligan astegoien honetan, Zarautzek aurrea hartu deutselako faborito biei, Kaikuri eta Zumaiari hain zuzen. Edozelan be, Andoni Galvanen taldeak sendo eusten deutso sailkapeneko lehen postuari. KAE ligan Arkotek barriro erakutsi dau Lapurdi eta San Pedrogaz lehiatzeko indarra daukala baina garaipenak ihes egin eutson etxeko estropadan. Bigarren mailan, Portugaletek eutsi egiten deutso bigarren postuari Astillerorekiko aldea handituta ganera.