Ezin jako gehiago eskatu Eusko Label Ligeari. Hiru estropada jokatu dira eta beste horrenbeste irabazle egon dira. Ganera, hasiera baten traineru bi –Urdaibai eta Hondarribia– beste guztien ganetik egongo zirala uste bagenduan be, Zierbenak eta Donostiarrak erakutsi dabe gauza dirala edozein estropadatan eta edozein aurkariri irabazteko. Orain arte ikusitakoaren arabera –egia esanda hiru estropada baino ez dira jokatu– esan lei ez dala aldaketa handirik egongo ohorezko txandan parte hartuko dauen laukotean. Zierbena, Hondarribia, Urdabai eta Donostiarra ganerako zortzi traineruen ganetik dagoz, Ibon Makazagaren ekipoak gora behera handiak erakutsi badauz be. Logikeak indarra galtzen dau kresaletan.

Aurreko denporaldian galdutako lehiakortasuna berreskuratzeko helburuagaz ekin eutson denporaldiari Zierbenako traineruak eta ondo baino hobeto bete dau asmo hori. Dani Pérezen kuadrilea irabazle izan zan lehen jardunaldian eta bigarrengoan be banderea eskuratzetik hurre geratu zan. Etxeko estropadan, orain arteko mailarik makalena emon arren, Zierbenak eutsi egiten deutso Eusko Label ligearen sailkapen nagusiko lehen postuari eta argi eta garbi erakutsi dau ezin dala sekula baztertu banderak eskuratzeko kinieletatik.

Urdaibaik hiru estropada behar izan ditu eztanda egin eta barruan daukan guztia erakusteko. Lehen jardunaldi bietan bosgarren eta hirugarren sailkatu ostean, Iker Zabalaren ekipoak garaipen bat behar eban agertu daitekezan zalantza guztiak baztertzeko. Ligako lehen jardunaldi bietan ohorezko txandatik kanpo jardun ostean, Bou Bizkaia onenakaz batera lehiatu zan domekan Zierbenan eta sekulako erakustaldia emon eban. Zapatuan zein domekan, bigarren luzean egindako lanak erabagi eban estropadea. Donostian, Gorka Aranberrik zuzendutako traineruak hamaika segundo galdu ebazan Donostiarrarekiko bost minutuko tartean. Zierbenan, ostera, bermeotarrek hegaz egin eben bigarren luze horretan. Itsasoan bakarrik gertatu daitekezan kontuak dira horreek. Logikeak indarra galtzen dau kresaletan.

Eta lehenengo multzoa finkatuta badago, gauza bera esan geinke bigarren multzoaren ganean. Orio, Getaria, Kaiku eta Cabok osotzen dabe. Jose Luis Kortak zuzentzen dauen traineruak hasiera txarra emon eutson ligeari baina azken estropada bietan bere benetako mailea erakutsi dau. Hasierako zalantzak baztertu eta sailkapeneko erdialdera hurreratu da Bizkaitarra, eta pentsa lei ez dauela arazo handirik izango leku lasai horretan mantentzeko.

Eta denporaldia hasi baino lehen itxaroten zan legez, Bizkaiko hiru traineru doguz sailkapeneko azken postu bietatik ihes egiteko burrukan: Lekittarra, Ondarroa eta Santurtzi. Osertz Aldaik zuzentzen dauen traineruak hasiera ona emon deutso denporaldiari, puntu uzta polita lortuta ganera. Ondarroako traineruari jagokonez, goitik behera etorri da liga hasieran. Seigarren A Coruñan, bederatzigarren Donostian eta hamabigarren Zierbenan, kolpe gogorra jasota ganera. Sailkapeneko zulotik kanpo egon arren, Iñaki Errastik eta kuadrilak ondo aztertu beharko dabe azken estropadan gertatutakoa. Santurtzi bizirik dago eta ez da gitxi, ligea zelan hasi eban ikusita. Javi Poloren mutilek behetik gorantz egin dabe eta sailkapeneko azken postutik urtetea lortu dabe Zierbenan estropada txukuna eginda. Horixe da bidea.

Emakumezkoetan, nabarmentzekoa da Kaiku egiten dabilen lan bikaina. Ikusitakoa ikusita eta denporaldia amaitzeko asko falta bada be, Bizkaitarra hautagai sendoa da Euskotren liga nagusira igoteko. Bizkaiko traineru bat behar dogu emakumezkoen maila nagusian. Bestalde, KAE-1 mailan, Arkotek urratsak emoten segiduten dau eta lehen garaipena eskuratzeko bidean dala erakutsi dau. Sailkapenaren beheko aldean, ikusgarria da Deusto eta Busturialdearen arteko lehia sailkapeneko azken aurreko postua saihesteko. l