Urterik urte, Museoen Nazioarteko Egunak gure kultura eta oroimen kolektiboa jagoten daben espazio horreetan gelditu eta arreta handiagoz begiratzera gonbidatzen gaitu. Museoen Nazioarteko Kontseiluak (ICOM) bultzatutako ospakizuna da, 1977tik maiatzaren 18an egiten dana. Aurten, nazinoarteko leloa «museoak mundu zatitu bat alkartuz» da, Bizkaiaren ikuspegia indartzen eta laguntzen dauen esparrua, tokiko ekintza mundu osoko milaka museok parte hartzen daben mobilizazio globalagaz lerrokatuz.
Bizkaian, ospakizun hau efemeride kultural batetik haratago doa: gizarte lez nor garen eta kulturak gure nortasun partekatuaren eraikuntzan zer leku dauen berresteko aukera bihurtzen da.
Egun horren bueltan, Bizkaiko Foru Aldundiak beste ekimen batzuk bultzatu dauz lurraldeko berrogei museo baino gehiagogaz batera, helburu argi bategaz: museoak herritarrei parajetzea eta Bizkaiko kultura-eskaintza zabal eta askotakoari balioa emotea. Erakusketek, jarduera bereziek, parte hartzeko proposamenek eta doako sarbide-jardunaldiek espazio horreek gizarteari gehiago zabaltzeko eta pertsonekiko lotura indartzeko pentsatutako programazioa osotuko dabe.
Museoak ez direlako asagoko lekuak, ezta espezialistentzat bakarrik be. Leku isilak izan arren, espazio biziak dira. Iraganak eta orainak berba egiten daben lekuak, izan gintzezanaren oroimena gordetzen dan lekuak, eta historian, hizkuntzan eta kulturan bere burua ezagutzen jarraitu nahi dauen komunitate baten etorkizuna proiektatzen direzan lekuak.
Komunitate handi oro zeharkatzen dauen ideia bat dago: bere oroimena ahazten dauen herri batek bere burua aitortzeari uzteko arriskua dauko. Horregaitik museoak ondarearen edukiontziak baino askoz gehiago dira; gizarteak bere buruagaz berba egiten daben guneak dira. Gure ustez, identidadea ez da bakarrik heredatzen: jagon, interpretatu eta transmitidu be egiten da.
Aurten aukeratutako leloak ideia hori egoki laburbiltzen dau: “Bizkaiko Museoak. Bisita itzazu. Bisita zaitez.”
Bizkaia, kultura-lurralde dinamikoa, gaur egun erreferente bihurtu dana museoen barrikuntzan eta nazinoarteko kultura-trukean. Tradizinoa eta barrikuntza uztartzen dauzan lurraldea da.
Horregaitik datorren bagilean Bizkaiak -EMYA- Europako Museorik onenaren (European Museum of the Year Award) sarien batzarra eta sari banaketa ekitaldia hartuko dauz. Une ezin hobea izango da Bizkaia nazinoarteko museo sarea mapan jartzeko, munduari eskaintzeko dogun guztia erakusteko. Bizkaian dagoen museoen eskaintza anitza eta aberatsa erakusteko aukera.
Gure museoek asko dabelako erakusteko.
Izan be, museo batean sartzen garenean ez doguz objektuak, dokumentuak edo pieza artistikoak bakarrik ikusten. Geure buruari be begiratzen deutsagu. Gaur egun bizi garen lurraldea eraiki eben belaunaldien aztarnekaz egiten dogu topo; gure nortasun kolektiboari forma emon deutsean esfortzu, eraldaketa eta adierazpen kulturalekaz.
Jose Miguel Barandiaranek esan zauen bezala, “bere oroimena ahazten dauen herri batek nortasuna galtzen dau”. Baina beste hau be gehitu leiteke: “Bere historia ezagutzen eta baloratzen dauena hobeto prestatuta dago bere etorkizuna eraikitzeko”.
Bizkaiko museo bat bisitatzea denboran zehar ezagutzea da. Bere aretoen artean, izan gintzezanaren oroimena eta bere berezitasuna gordetzen eta transmititzen jakin dauen herri baten aztarna bizia bizi dira. Erakusketa, artxibo eta kontakizun bakotxak gure sustraiekaz lotzen gaitu eta, aldi berean, oraina hobeto ulertzen lagunduten deusku.
Horregaitik, museoak defendatzea gizartea ulertzeko modu bat defendatzea be bada. Bere ondarea baloratzen dauen gizartea, bere memoria babesten dauena eta kultura ondasun komun lez ulertzen dauena, eta ez luxu osagarri modura. Museoek gure kulturarekiko lotura indartzen dabe, gure historia duintzen dabe eta Bizkaiko memoria kolektiboa etorkizunerantz proiektatzen dabe.
Informazioaren berehalakotasunak eta kontsumo azkarrak markatutako denboran, museoek gero eta beharrezkoagoa dan zerbait eskaintzen dabe: testuingurua, hausnarketa eta kide izatearen sentimendua. Munduari ikuspegi askotatik begiratzeko eta gure identidadea ez dala estatikoa ulertzeko aukera emoten deuskue, baizik eta eraikuntza kolektiboa eta dinamikoa.
Funtsezkoa da museoak iraganekoak bakarrik direlako ideiagaz haustea. Museoek orainaz hitz egiten dabe. Alkartzeko, ikasteko eta belaunaldien arteko elkarrizketarako guneak dira. Herritar guztiei zabaldutako lekuak, komunitatea sortzeko eta nor garen eta nor izan gura dogun jakiteko begirada barriak bizteko gai direnak.
Alde horretatik, Museoen Nazioarteko Eguna aukera ederra da kulturaren eta gizartearen arteko konpromiso hori indartzen jarraitzeko. Gure museoetara bisitari moduan ez eze, historia komun baten parte modura be parajetzeko gonbidapena.
Izan be, Bizkaiko museoak ezagutzen doguzanean, ez dogu gure ondarea bakarrik deskubritzen: belaunaldiak, istorioak eta mundua ulertzeko moduak lotzen dauzan hari ikusezina be deskubritzen dogu. Areto bakotxean, garenaren zati bat bizi da, baita oraindik izan gaitezkeenerako inspirazio bat be.
Beharbada hor dago museoen benetako indarra: memoria eta etorkizuna lotzeko gaitasuna. Bere kultura jagoten dauen gizartea bere burua errespetatzen dauen eta konfiantzaz aurrera begiratzen dauen gizartea dala gogorarazteko.
Museoen Nazioarteko Egun hau, beraz, ospakizun kultural bat baino askoz gehiago da. Gure historiagaz, nortasunagaz eta iraganagaz harro dagoan, orainagaz konprometituta dagoan eta etorkizunera zabalik dagoan Bizkaiagaz barriz topo egiteko gonbidapena da.
Izan be, leku batzuk ez dira bakarrik bisitatzen: sentidu, partekatu eta gugan geratzen dira. Eta Bizkaiko museoak dira, zalantza barik, horreetako bat. l
Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatua