Síguenos en redes sociales:

Erredakziotik

Sara Cortés

Zuzendariordea - Subdirectora

Feminitatea ezbaidan

Duela gutxi lerro hauetan idatzi nuen hilero liburu bat lasai irakurtzeko erronka jarri niola neure buruari. Urte hasieran, askok helburu berriak planteatzen dituzte eta nik ere bat aukeratu nuen. Irakurketa nire egunerokotasunean berriz txertatzea zen asmoa, presarik eta errurik gabe. Pare bat liburu bukatu eta gero, beste bat hartu nuen ilusioz. 2025ean argitaratutako nobela zen, gaur egungoa, gure garaikoa. Idazlea ere gaztea da, 42 urtekoa, nire belaunaldikoa. Horregatik, are harrigarriagoa egin zitzaidan liburuaren hogeita hamargarren orrialdera iritsi orduko aurkitu nuen esaldia. Honela zioen: “Tenía el cuerpo curtido en el deporte y esfuerzo físico, sin dejar de ser femenino”. Sin dejar de ser femenino, behin eta berriz errepikatu nuen nire buruan. Benetan? Gimnasioan landutako gorputz batek emakume izateari uzten al dio? Kirolari baten giharrak izateak feminitatea kentzen du? Zer da, bada, femeninoa izatea, ahultasuna, samurtasuna eta neurritasuna soilik? Nola da posible 2025eko nobela batean oraindik horrelako ñabardura matxista horiek irakurtzea? Nola da posible 42 urteko egile batek horrelako baieztapen bat normaltasunez idaztea? Burua lehertu zait, hitzez hitz, amorrua eta etsipena nahastuz. Ez da esaldi isolatu bat soilik, pentsamolde baten isla baizik. Eta pentsaera horrek nekatu, zauritu eta sumindu egiten nau. Plazer eta ihesbide izan behar zuena kolpe bihurtu da une horretan. Hainbeste, non liburua itxi eta 30. orrialdean irakurtzeari uztea beste aukerarik ez dudala sentitu baitut.