Duela gutxi, sei eguneko oporrak egin ditugu Kanaria Handiko uhartean, bertako inauteriak ezagutzeko eta familiarekin deskonektatzeko. Egia esan primeran pasatu dugu, barreak, koloreak eta konpartsak nonahi. Hoteleko igerilekuaz eta Mogan hondartzaz ere gozatu dugu. Hala ere, bidaiari ekin aurretik, alaba nagusia kezkatuta sumatzen nuen. Zer gertatzen zitzaion galdetu nionean, nora gindoazen jakin nahi izan zuen. Uharte batera gindoazela esan nionean, berehala etorri zen hurrengo galdera: “Ama, zer da zehazki uharte bat?” Lasai-lasai azaldu nion irla bat lur-zati bat dela, kontinente bat baino txikiagoa, eta urez erabat inguratuta dagoela. Une horretan aurpegia aldatzen hasi zitzaion. Serioago begiratu zidan, eta isilik geratu zen une batez. Berriro galdetu nionean zer pentsatzen zuen, bat-batean galdera hau egin zidan: “Uhartea urez erabat inguratuta baldin badago, marea igotzen denean, zer gertatuko da gurekin? Une hartan irribarrea eta samurtasuna nahastu zitzaizkidan barnean. Bere kezka normala zen, bere ikuspegitik behintzat. Helduok askotan ahazten dugu hitz sinple batek irudimen handia piztu dezakeela. Lasaitasunetik azaldu nion itsasoaren mugimenduak ez duela irla irensten eta seguru egongo ginela, baina benetan harrigarria iruditu zitzaidan bera imajinatzen ari zena. Etxeko txikienen galderak askotan gure eguneroko errutinak astintzeko gai dira. Bere zalantzek erakusten digute mundua oraindik deskubritzeko dagoen misterio handi bat dela.