Diego pertsona ona zen. Oso pertsona ona, baiki. Jaio zen unetik atzematen zitzaion: “pertsona ona da”, xuxurlatu zuen emaginak, Diego besoetan zuela, negar batean eta odolez estalita, gurasoei lehenbizikoz eman zienean. Inor ez zuen ezustean hartu: aitak animaliak babesteko zentro batean boluntario ziharduen; amak, ordea, album-bilduma oso bat zeukan, lagundu zituen haur behartsuen fotografiekin. Sinpleki, etxe horretan, ezin zintezkeen beste era batekoa izan. Harrigarri samarra litzateke –mingarria, esango nuke– Diego tabernetako aterki-ontzietatik aterkiak lapurtzen dituzten horietako bat izatea. Ez, inondik inora. Diego pertsona ona zen. Inork ez zion ziurtagiririk eman behar: aurpegian igartzen zitzaion.

Hemezortzi urte zituela, Onberatasun Aurreratuan matrikulatu zen. Ez zuen gutxieneko nota alturik behar, ezta ikasketak pagatzeko aparteko lanik ere. Hasieran, hautaketa egin zuenean, zalantzak izan zituen: Historia? Zuzenbidea? Ekonomia, akaso? Baina ez, ez zen hori berea. Berak –esan dudan bezala– pertsona ona izan nahi zuen.

Komunikabideentzat lan egiten hasi zen. Lan egiten, ez informazioa ematen; ez zen kazetaria, bada. Kazetaritzak eskatzen duen guztia –kontrastea, egiaztapena– ez zegoen Diegoren esparruan. Izan ere, pertsona ona izateak baditu bere abantailak.

Azkenean, politikaren itsasertzean lehorreratu zen –politikak izaten baitu kupo bat pertsona onei gordeta–. Han, bere ahalmenetatik haragoko kausak defendatzen hasi zen eta, denborarekin, zentzua galtzen ere bai. Ordurako, gurasoak –animaliak babesteko zentroko boluntarioa eta haur behartsuen argazkien bildumagilea– kezkatzen hasiak ziren. Ama, bide batez, hogeita hamaseigarren albumaren azken orrialdeetan zegoen.

Diego ez zen gauza defendatzen zituen kausen inguruan esaldi pare bat zentzuz lotzeko. Kausak txapak bailiran janzten zituen: sakontzea ez zen helburua, erakustea baizik. Urteak joan ahala, Onberatasunaren Elizarekin erabat lerrokatu zen –unibertsitatea amaituta, fede berri horrek bete-betean harrapatu zuen–, eta hark onberatasunaren doktrinarekin bateragarritzat jotzen zuen guztiarekin bat egiten zuen. Gainerakoa? Bada, pertsona txarren bazter iluna. Azken batean, pertsona ona izatea ez al datza horretan: beti alde zuzenean egotean?

Bere agendan ez zen lerro gehiago sartzen. Hark ez zuen Onberatasunaren Elizak baimendutako manifestaldi edo kontzentrazio bakar batean ere kale egiten. Horietako batzuk, arrazista amorratuek edo bortitzek antolatuak ziren; eta, batzuetan, ageriko matxismoaren usaina ere bazuten. Egia da kartel eta lelo batzuek deserosotasuna eragiten ziotela barrenean, baina horrek ere ez zuen gehiegi inportik: ekitaldi bat onberatasunak bedeinkatua den ala ez ez dago ez manifestuaren edo antolatzaileen esku, baizik eta sortzen duen erreakzio sozialaren araberan –eta, batez ere, erreakzio horren izaeran–. Ekitaldietan parte hartzeak, nolabait, ematen zion Diegori barneko arintasun eta betetasun morala: “horrelakoa naiz ni: pertsona ona”.

Hori guztia larrutik ordaindu zuen: dibortzioa heldu zitzaion, etxea galdu zuen eta, hori gutxi ez balitz, alaba multinazional bateko aholkulari fiskal bilakatu zen. Duintasunaren kontrako lanbidea, ertzain edo bankuko langilea izatearen parekoa.

Diego igandean zendu zen, antsietate-eraso batek bihotzeko batean amaitu ondoren. Bihotzak ezin izan zion eutsi. Hileta elizkizuna xumea izan zen: bost unibertsitateko ikaskide, hiru parrokia-kide, bere emazte ohia eta alaba bertaratu ziren. Elizako apaizak –Onberatasunaren Elizakoa– hitz labur batzuk eskaini zizkion. Egia esateko, sekula ez da elizarik egon horren egoz lepo eta, aldi berean, pertsonaz hutsik. Arin bekio lurra.