Xedea enpresaren baitan
Hainbat ikerketatan adierazitakoaren arabera, bai estatu mailan bai nazioartean, langileen 20k baino ez dute ikusten beren burua inplikatuta lan egiten duten enpresan. Datu garrantzitsua da, izan ere, ikerketa batzuek diotenaren arabera, lotura estua dago enpresa bateko profesionalen inplikazio mailaren eta enpresa horren berrikuntza mailaren artean.
Bestalde, Giza Baliabideen arduradun gero eta gehiagok adierazten dute enpresan sartzekoak diren profesional berriak hautatzeko elkarrizketek gero eta gehiago dutela enpresak hautagaiari alderdi pertsonalean bizitza orekatua edukitzeko eskaintzen dionari buruzko azterketa baten antza, eta horien artean azpimarratzen da zentzuzko eskaintza, beren jarduera profesionala garatzeko, hau da, enpresaren xedea delakoa enpresaren alorreko hizkuntzan.
Eta faktore hauengatik du garrantzia: modu positiboan lotzen da konpromisoarekin eta lanaren arloko gogobetetasunarekin, eragina du talentua erakartzeko, motibatzeko eta fidelizatzeko gaitasunarekin (milennial belaunaldiko %60k uste du enpresen helburu nagusiak izan behar duela “gizartea hobetzea, etekinak lortzea baino gehiago”), erraztasunak dakartza aldaketaren eta berrikuntzaren kudeaketari dagokionez (Deloitteren azterketa batek adierazten du zuzendarien %84ren ustez, xede partekatua bada, arrakasta handiagoa lortzen dela eraldatzeko ahaleginean), hobekuntzak ekartzen dizkio errendimendu ekonomikoari (BCGren ustez, xedearen zentzu sendoa duten erakundeek askoz aukera gehiago ekartzen dizkiete akziodunei batez bestekoaren gainetiko errendimendua lortzeko), lagungarria da bezeroekiko harreman sendoak ezartzeko (xedea duten erakundeek %52 handitzen dute bezeroen fidelitatea, Ernst&Young enpresaren azterketa baten arabera)…
Aholkularitza enpresa batzuek diotenaren arabera, xedeak eragin behar du estrategian eta negozio ereduan, antolamendu ereduan (kultura, balioak, lidergoa eta komunikazioa) eta kudeaketa sistemetan (tresnak eta prozesuak).
Paul Polmanen arabera -Unilever-en lehendakari ohia, zeinak hirukoiztu egin baitzuen akziodunen errentagarritasuna eta zeinarekin konpainia mundu mailako 1. lekura iritsi baitzen jasangarritasunari dagokionez 11 urtez segidan-, erakundearen xedea agerian jartzeak enpresaren arima askatzea esan nahi du. Andrew Winstonekin batera, enpresen jasangarritasunaren alorreko guruetako bat da, eta honako hau defendatzen du: “erakunde batentzat ez dago gauza ahaltsuagorik bere izatearen arrazoiaren muinera iritsi eta xedeak bizia hartzea baino”. Erakunde bati eusten dion funtsezko zutabea izango litzateke (eta, horregatik, sakona izan behar du), eta forma eman behar dio konpainiaren balio proposamenari eta sustatu behar du koherentzia jokabide guztietan.
8 urtez goi hazkundeko enpresei buruz egindako azterketa batean egiaztatu zuten, ezustean, xedeak “erakunde bateratuagoak, interes talde motibatuagoak eta hazkunde errentagarriagoa” sortzen dituela.
Horren adibide izan liteke Laboral Kutxak egindako jarduna. José María Arizmendarrieta apaizak sortu zuenez geroztik, enpresaren Xedea funtsezko tresna izan da enpresa kooperatibo gizatiarragoak sustatzeko zereginean (eta, aldi berean, lehiakorragoak izan dira), eta, haren arabera, enpresaren xedea lagungarria da komunitate aberatsagoak, berdinzaleagoak eta jasangarriagoak sortzeko. Horretan guztian sartzen da tokiko ehun ekonomikoa errotzeko eta garatzeko helburua, eta, horretara iristeko, ezinbestekoa da berrikuntza eta ekintzailetza sustatzea, enpresetako genero arrakala murriztea, ingurumena zaintzea eta trantsizio energetiko jasangarria bultzatzea, kalitatezko enpleguen sorrera babestea, eta orobat babestea garapen teknologiko jasangarria eta tokiko kultura, hizkuntza eta kirola, gazteenen hezkuntzarako sarbidea...
Zentzu horretan, frogatu dute enpresek izateko arrazoi bat dutela eta ondo merezi duela arrazoi hori bilatzeak, horrela argitzen baita nola ase ingurunearen, enpresaren ingurunearen, premiak. Eta, gerora, enpresaren jarduera guztietan balio horiek gauzatzeko, halako eran non koherentziaz jardungo den funtsezko lau esparru hauetan: enpresako pertsonak enpresan nahastea (haien xede pertsonala erakundearen misioarekin eta arimarekin lotzea), osatuko den erakunde-azpiegitura kultura babesteko gai izatea, xedea duten markak garatzea eta enpresa txertatzen den komunitatearen kulturan eragitea.
Laburbilduz, ez dago zalantzarik enpresaren definizio partekatuak eta modu koherentean abian jartzeak indartu egiten duela pertsonen konpromisoa, bultzatu egiten duela proiektu partekatu baten aukera eta, ondorioz, hobetu egiten dituela enpresaren emaitza ekonomikoak.