Espainiako Kongresuan astelehenean eman zitzaion hasiera nazioaren egoerari buruzko eztabaidari, zeinaren bidez, Espainiako Gobernuak galdua duen ekinbidea berrartu nahi duen. Egoera ez da inolaz ere erraza. Inkestek diotenez, oposizioko lehenengo alderdiak goranzko joerarekin segitzen du, horrenbeste non hurrengo hauteskundeetan gobernatzera iritsi daitekeen; gobernua, ostera, indarrik eta ekimenik gabe dago, etengabeko eztabaidan murgilduta, datorrenari aurre egiteko eta hartzen dituen erabakiak aurrera eramateko ezintasunak erakusten dituela; inbestidura ahalbidetu eta gobernua sostengatzen duten alderdiekiko konfiantza, berriz, gainbehera, besteak beste, hartutako konpromisoak ez direlako betetzen ari... Eta hori gutxi balitz, gerra, kontrolik gabe dagoen inflazioaren eragina, ekonomiaren moteltzea eta udazkenean atzerakada etor daitekeelako iragarpena.

Izurritearen etorrerak ataka estuan hartu zituen zenbait herrialde, horien artean, Espainia. Izan ere, ekonomia geldiarazi eta, egoerari aurre egiteko, defizitaren mugak malgutu behar izan ziren; horren ondorioz, lehenago oso zorpetuta azaltzen ziren ekonomiak are zorpetuago ageri dira orain. Horiek horrela, interes tasak igo ahala gero eta baliabide gehiago erabili beharko dira zorrari aurre egiteko. Aldi berean, gero eta tarte estuago dago politika publikoetan erabiltzeko, horrek dakarren guztiarekin.

Astelehenean abiarazitako eztabaidak propagandarako eta hizki lodiz izkiriatutako esaldietatik haratago, egoerari aurre egiteko, inbestidura ahalbidetu zuen gehiengoa ehuntzeko eta sakoneko arazoei eman beharreko irtenbideez hitz egiteko erabili beharko litzateke... baina orain arte ikusi ditugunak ikusi eta gero, ez dakit mezu hiperideologizatua aurrez aurreko eztabaida antzuetarako eta sakoneko arazoei izkina egiteko ez den erabiliko.

Arazoei erantzuteko orduan, eragingarritasuna, sostengua ematen dizutenekin aldirako ibilbide-orria adostea eta partekatzea, erkidegoen eskumenak errespetatzea, gero gauzatzen zailak edo denboran zehar galtzen diren iragarpen arranditsuetatik ihes egitea, oso ideologizatuak diren eta egoerarekin ezkontzen ez diren eztabaidak saihestea, herritarrei dagoen egoeraren berri zehatza ematea, bai eta bideragarriak eta denboran manten daitezkeen neurriak hartzea eta gauzatzea ere. Nago horiexek direla egungo gobernuak segitu beharko lituzkeenak, amaierarik ez duen agoniaren mezuak gaindituz eta baztertuz. Izan ere, horixe da herritarren gehiengo batek dakusana, noraezean dabilen gobernua, nolanahi inprobisatzen ari den taldea, aldian-aldian eta nolanahi gauzak asmatzen dabilena, estrategia eta norabide garbirik ez dituena. l