BERRIKI, Sarrionandiari entzun diogu esaten, Donostiako Miramar Jauregian egin diren  EHUren udako ikastaroetako Euskal nortasunaren erronkak XXI. mendean jardunaldian, euskal gaia arazo identitario bat dela esatea erredukzionismo bat dela, gutxieste bat.

Sarrionandiak, bere hitzaldian erabili zuen eskeman, hainbat plano bereizi zituen, eta horietako bat  hizkuntzarena izan zen. Eta herri batzuek nazioa hizkuntzarekin identifikatzen duten arren, ez duela zertan horri lotuta egon behar azpimarratu zuen. 

Nazioa, bere ustetan, Karl Deutsch zientzialariaren teoria oinarri hartuta, we feeling edo gutasuna sortzen duen hori dela jakitera eman zuen, eta sentimendu hori besteekin komunikazioan egoteak sortzen duela.

Kuriosoa egin zitzaidan ideia hau entzutea XXI. mendearen hasmentetan, duela 100 urteko euskaltzale eta kultur eragileek eta areago gerra zibilaren ostekoek gure hizkuntzaren eta euskal identitatearen alde lan egiteko hartu zuten konpromisoa eta erakutsi zuten grina aztertzen aritu naizen uneotan, haien bizitza ibilbideei, we feeling bizipena askatzen dutela ulertzen baitut. Garai hartan, ezbairik gabe, hizkuntza hartu zuten identitatearen ardatz gisa, “gu eta haiek”-en artean distantzia markatu beharra zegoelako, euskal identitatea indartuko eta zedarrituko bazen. Baina argi zuten euskal identitatearen osagai zirela baita ere, besteak beste, historia, lurra eta kultur ondarea, adibidez. Guztiak ere, kolektibo baten parte sentiarazten zituzten osagaiak. Zerk batzen zituzten, bestela, frankismoaren erregimen totalitarioaren garairik bortitzenean klandestinitatean aritu ziren euskaltzaleak? Zerk, herri berri bat eraikitzearen ideiak ez bazen?

Sarrionandiak, besteak beste, dena egiteko dagoela ohartarazi zuen. Ulertu nahi dut ez zuela esan nahi anartean ez dela ezer egin, deus aurreratu. Baizik eta areago esan nahi zuela, berriro ere, gure herria (berr)eraiki beharrean gaudela. Horretarako, lehenbizi, herri bisio bat landu eta proposatu beharra daukagu. Anbiziotsua eta partekatua izango dena. We feeling sentiaraziko diguna. l