GIA esan, Gotzone Sagardui sailburuak botatakoen artean aldaketa kulturalarena izan zen gutxien harritu ninduena. Edozein gauzari kultura deitzen hasi zitzaionetik, esperatzekoa zen kultura eta kulturala bezalako hitzak edozeinen ahotan entzutea, izan sukaldari, izan politikari, edozein asmo kolore dotorez apaintzeko. Eufemismoak, gainera, berritu egin behar dira noizbehinka, eta esan gabe doa hitz itsusiak baztertzea (pribatizazioa, azpikontrata eta horrelakoak) hil ala biziko kontua dela; bestalde, lankidetza publiko-pribatuarena higatuegi dago.

Harrigarria izan zen Sargadui andrea erabat harrituta ikustea bere azalpenak sortutako iskanbilen aurrean; aspaldidanik dabilela bera ideia bera errepikatzen. Egia da, galdetu bestela Arabako Lautadako herrietan: oso kezkatuta egon dira orain dela aste gutxi batzuk Lehen Arreta dela eta. Agian berriena izan da ideia guztiak batera eta leku jakin batean agertu direla. Agian deep Jaurlaritzakoek pentsatu dute, EAEko jendarteari hezkuntzarena irentsarazi ondoren, erraza izango litzatekeela osasunaren txanda saiatzea, azken finean, nire ustez, gure jendartea, sindikatu ba-tzuen salbuespenarekin, otzana eta moldaerraza da (oso ondo bizi gara hemen eta abar).

Ni enprendedorea edo inbertitzailea izango banintz, ateak irekitzen ari direla ikusita, berehala hasiko nintzateke negozio-planak aztertzen: anbulantzia enpresa bat, demagun, edo familia-medikuen kontsultategi sare bat hiri eta herri handienetan (herri txikiei egingo die ETBk erreportaje pare bat gero eta biztanle gutxiago dutela deitoratuz). Sagardui entzuten ari zirenen artean baten batek zenbakiak izango zituen buruan dagoeneko.

Erizainez ari denean, arrazoia emango nioke Sagardui andreari; beste lan asko egin dezakete, erizainen elkarte eta sindikatuen eskakizun aspaldikoa, baina ez dakit nola gauzatuko den hori, orain daudenak lanez gainezka daude eta berriak kontratatu beharko lituzkete edo erizaintza eskolak handitu. Bitartean ETBk beste erreportaje bat presta dezake erizain eskasiaz.