KAINAREN 16an Iruñean egin zen Ezberdinen arteko konfian-tza lantzen izeneko jardunaldiaren harira, Eusko Ikaskuntzak argitaratu zituen artikuluek batzuen kritika negatiboa sortu eta, ondorioz, iritzia plazaratu dute zenbait hedabidetan. Honako hau Eusko Ikaskuntzaren Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan: elkarbizitza proiektuaren ardura daramagunon erantzuna da.

"Euskal Herri osoa hartzen duen erakundea" dela dio Eusko Ikaskuntzak eta hona behin eta berriro agertzen den zalantza: Euskal Herria euskaraz mintzatzen den herria, edo komunitatea, da soilik, ala Euskal Herria lurralde bat da? Erantzunak goitik behera aldarazten du euskal herritarraren ezaugarritzea: euskaraz mintzatzen den pertsona, lehenean; euskaraz, gaztelaniaz edo frantsesez (ez soilik, gure herrian hizkuntza aniztasuna handia baita) min- tzatzen dena, bigarrenean. Badira ere zalantza nahiko modu errazean konpondu nahi dutenak: Euskal Herria lurraldea da, baina lurralde horretan euskara izan behar da hizkuntza nagusia (edo bakarra etorkizunean). Baina hirugarren proposamen horrek errealitatean dauka oztopo nabaria, herritarren bi heren ez baitira euskaldunak, eta orduan hasten dira zailtasun teoriko eta praktikoak, Nafarroa Garaian ederki islatzen direnak.

Zailtasun horiek ulertzen eta kudeaketa demokratikorako proposamenak egiten saiatzen ari gara. Izan ere, "Euskal Herriaren kezka eta erronka nagusiei etorkizunerako irtenbideak proposatzea" da Eusko Ikaskuntzak hartu duen zereginetako bat. Egia esan behar bada, irtenbideak proposatzea ere handinahitzat jo liteke kasu honetan, hain dago giroa nahasia eta tirabiratsua gai batzuetan. Horietako bat euskara da, jakina, eta gutxienez ondo ulertzea ezinbesteko ariketatzat jotzen dugu nafar guztiak euskaldunak ez diren Nafarroa honetan.

Hala da, euskararen kudeaketaren inguruan intentsitate handiko gatazka sortu da Nafarroa Garaian, edo sortu dute nafarrek, arrazoi soziologikoak, ideologikoak, politikoak eta batzuetan baita laboralak ere direla medio. Batzuek euskara euskal nazioaren ikur goren eta nagusi modura ikusten dute eta, beste batzuek zer interes eduki dezakete euskaraz mintzatu ez, euskaratik urrun bizi, eta euskal nazioan sinisten ez dutenek? Zer interes edukiko dute espainiar nazioan sinisten dutenek? (Eta mereziko luke gogoratzea espainiar identitatea sentitzen dutenak euskal identitatea sentitzen dutenak halako hiru direla). Kasurik onenean, Nafarroaren ondarea delako, nolabait onartu bai, baina ez diote hausporik emanen euskarari (euskal nazioaren alde egitea delako). Eta kasurik txarrenean, ondo ezagutzen dugu. Kontra jokatzen da era pentsatu eta planifikatuan: administrazio askoren praktikan oztopoak jartzen dira nonahi; ideologikoki inposizioaz hitz egiten da; politikoki euskararen eta euskaldunen pribilegioekin amaitu beharra aipatzen da; kulturalkibazterketa edo interes eza nagusitzen dira... Ez da egoera lasaia, inondik inora. Nola konpontzen da arazo hori?

Euskara eta konfiantza Nafarroan izeneko artikuluan genioen bezala (eta horretara mugatzen zen artikulua), konstatatu egiten da jarrera desberdinak daudela euskararen kudeaketaren inguruan, eta haietako bat "suminduena" izendatu genuen, euskara erasotua ikusten baitute Nafarroan, ezin onartuzko muga batera helduta. Jarrera garrantzitsua da, duten pisu teoriko eta sinboliko nabariagatik, baina nafar gutxiren ildoa da, inola ere nafar euskaldun guztiena, eta horrek apaldu egiten du bere eragina.

Teoria mailan, bestalde, ez da ageri ildo argi eta zentralik, eta horrek sakabanaketa teorikoa eragiten du. Elementu kontrajarriak erabiltzen dira: euskara nafar guztien hizkuntza izan behar da, eta espainiera inposatu egiten da, nahiz eta nafar gehienek, euskaldunak izan ez, eta gaztelania berezko hizkuntza gisa sentitzen duten; euskara despolitizatu egin behar da, inoren ikur ez dadin hartu; edo politizatu behar da, gizartean eragiteko; administrazioak eta alderdiek ez lukete politizatu beharko; edo alderantziz... Eskubideen auziak ere ez du argibiderik ematen: euskaldunen eskubideak bermatu behar dira Nafarroa osoan, baina gaur eguneko errealitatea ikusita, benetan bermatu ezina aitortzen da...

Berriro esanda: euskararen kudeaketa arazo bihurtzen da, besteak beste, azpian nafarren nazio identitateen arteko gatazka dagoelako. Konpontzeko aukerez hitz eginda, ildo batzuek epe laburrean garaipen erabatekoa erdiestera joanen balira bezala jokatzen dute, baina praktikak kontrakoa esaten die behin eta berriro. Badago modurik gatazka hori bide demokratiko batera ekartzeko? Horretan ari da Eusko Ikaskuntza. Eta jabeturik gaude esker txarrekoa dela gure jarduna, horixe gertatzen baita gatazka dagoen guztietan. Gatazkaren zurrunbilora jaisteak, ordea, ez du esan nahi neutral jokatu behar dugunik. Are gehiago, aipatu artikuluan genioenez, ez dugu uste Administrazioa bera neutrala izan daitekeenik. Ezinbestekoa iruditzen zaigu, bestalde, joko demokratikoa pasioei gailentzea edo gatazka betikotu baino ez da eginen. Eta nafar herritarrek eurek esana da, etengabeko tirabira griñatsuak nekatu eta uxatu egiten du jendea, partaidetza eta eztabaida bultzatu beharrean.

* Eusko Ikaskuntzaren 'Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan: bizikidetza' proiektuaren Talde Eragileko kideak