Erredakzio-Mahaia

Derrigorrezko irakasgaia

04.07.2021 | 00:10
Derrigorrezko irakasgaia

Harrotasunaren Egunaren aitzakiaz hedabideek eredu heterosexualetik eta zisgenerotik kanpo dauden milaka pertsonen egoera ikusarazteko ariketarekin bat egiten dute, aste betez kolektiboaren aldarrikapenen bozgorailu bihurtuz. Ekainaren 28a pasata –tira, honakoan gehiagoz luzetu da Trans Legea dela eta–, eskakizun horiek zokoratu egiten dira, kroketaren nazioarteko eguna bezalakoak ospatu behar baitira gainerako 365 egunetan. Hurrengo ekainean komunikabideek aurreko urteetan kaleratutako artikuluak berreskuratuko dituzte: Nola hitz egin aniztasun sexualari buruz zure seme-alabekin, esaterako. Izan ere, gorroto delituak eta diskriminazioa jatorritik erauzteko haurrei txikitatik irakatsi behar zaie besteei begirunea izaten. Kontua da belaunaldi gazteenek askoz ere naturaltasun gehiagoz bizi dutela dibertsitatea. Ikerketa Soziologikoen Zentroaren arabera, espainiarren %93,9ak heterosexuala dela adierazten du. Baina zifra hori %82,7ra jaisten da 18 eta 24 urte bitarteko gazteen artean. Datozenek direna identifikatzeko askoz ere informazio gehiago duten heinean, ezjakintasunari lotutako aurreiritziak ez al dira gehiago ematen bestea ezagutzeko, eta, hortaz, errespetatzeko irakasgaia hautazkoa dela uste duten helduen artean? Nik, badaezpada, ez nieke ingurukoei galdetuko ea LGBTIQ+ siglen esanahia zein den badakiten. Sorpresa larregi eramango nituzkeelakoan nago.

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia