TAren terrorismo politikoaren amaiera, armak entregatzea eta erakundearen desegitea iragarri zenetik urte batzuk igaro badira ere, gure arteko bizikidetza lasai eta sanoa oraindik gainditu gabeko gaia dugu.

Egia da urratsak egin direla, eta norabide onean, baina oraindik luzexkoa da gera-tzen zaigun bidea; izan ere, giro jakin ba-tzuetan, herra edo gorrotoa bizirik dago oraindik norberaren aukera politikoarekin identifikatzen ez direnekiko.

1. Gizarte gatazkatsua

Kartzelatik irtendako ETAko militanteei egindako omenaldiek, leku publikoetan eta alderdien egoitzetan agertzen diren modu askotako salaketa eta grafitiek, edota segurtasun-indar batzuen jarduketei buruzko isiltasun sistematikoak erakusten digute gure arteko topaketak defizit handiak dituela. Gogoratzea tristea bada ere, oso urruti gaude oraindik memoria partekatu batetik.

Azken asteotan, asko ugaldu dira memoriaren, biktimen eta presoen inguruko artikuluak, oroitzapenak eta salaketak. Testuinguru horretan, gure bizikidetza eta biktimekiko oroitzapena baldintzatu dituen terrorismo politikoaren fenomenoa ulertzeko leku berezi bat inauguratu da, non, bide batez, zilegitasunik gabe uzten baita indarkeria ez-legitimoaren erabilera.

Xede horrekin inauguratu da Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroa, zeinak bat egin baitu helburu berarekin lehendik abiatutako zenbait ekimenekin.

Inaugurazio horren inguruan ere, tamalez, ez da polemikarik falta izan, biktimak eta guzti-guztien aitortza falta direla salatu baita.

Berriro ere biktimak parekatzeaz eta haiek isiltzeaz eta ahazteaz hitz egin da.

2. Hitzen balioa

Aipatutako data horretan bistaratu zen batasun faltak erakusten digu ekintza horien inguruko disimulu gabeko ikuspegi ideologikoa. Ekintzek hitzek baino gehiago esaten dute. Berriro ere, badirudi biktimen eta haien familien izua eta oinazea ahaztuta geratu direla.

Pertsona asko ari da bakardadean eta isiltasunean hiltzen, tristuraz eta minez beterik. Beste batzuetan ere errepikatu izan dugu. Asko hitz egiten da pandemiaren negazionismoaren inguruan, baina bada gure artean beste negazionismo eta ahanztura arriskutsuago bat, biktimen oinaze izugarria ukatzen eta ahazten duena. Gure herri eta erakundeen kontzientzia pertsonalean eta sozialean barneratu behar genuke elkartasun falta ikaragarri hori. Atzeratu ezin daitekeen premia larriko zeregina da errealitate triste hau justiziaz, hurbiltasunez eta memoriaz konpon-tzea.

2. Justizia konpontzailea

Espetxe-politikaren parte handi bat Eusko Jaurlaritzaren eskuetan geratzeko zorian dagoen honetan, ezer parekatzeko edo justifikatzeko inolako asmorik gabe, Jaurlaritzak justizia konpontzailea oinarri izango duen espetxe-eredu bat sustatu nahi du, funtsezko hiru ideiatan oinarrituta: presoak gizartean txertatzea (biktimekiko irainik gabe eta pertsonaren duintasuna errespetatuz), haiek birgizarteratzea eta berriro heztea, pribilegio oro saihestuz. SAREren konpromiso goresgarriak, bizikidetzarako erreferente etikoa izan nahi badu, publikoki aldarrikatu behar du -bai eta dagokionari hala egin dezan eskatu ere- urte luzeetan bidegabe eragindako kaltearen aitortza. Hori eskatzen du justizia konpontzaileak ETAko presoen salbuespenezko espetxe-politika gainditzeko. Eta hemen ez dago aitzakiarik eta itzurbiderik. Hitzek elkar ulertzeko balio behar digute, ez haien zentzua ezkutatzeko, edota eraso eginez defendatzeko. Zer esanahi du “inklusibo” hitzak? Bidegabekeria bat ez baloratzea? Iritzi negatibo bat ez onar-tzea? Zer esan nahi da “fetitxe” hitzarekin, salaketa batetik defendatu nahi denean? Zer eman nahi da aditzera gatazka politiko saihestezin baten ondoriozko hainbat hilketaren minaz hitz egiten denean? Zein dira, egiaz eta justiziaz esateko eta egiteko gutxieneko eta ezinbesteko irizpide etikoak bizikidetza sano bat eraikitzeko? Hori argi ez badago, “guztiak balio du, ezerk balio ez duen gizarte batean”.

Pandemia-egoera delikatu honetatik irteten ari garen honetan, eta bizi izan dugun garai odoltsua gainditu nahi dugunez, oroimen konpontzailea eskatzen zaigu guztioi, besteri eragindako min bidegabea aitortuz eta, bizitzan aurrera egin ahala, gure ondoan doanari eskua, hitza eta elkar laguntza luzatuz. Horrela baino ez du balioko oroimen justu eta konpontzaile bat gogoratzeak eta ospatzeak. * Etiker: Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo Garcia eta Joxemari Muñoa.