Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Nomadak

Oraindik ere badira bizimodu horri eusten diotenak "lurralde liberatuetan". Espiritu ibiltari horren arrasto dira haien agurrak. Elkar oso noizean behin ikusten zutenez, topo egindakoan familiako kide guztiei buruz galdegiteko ohitura dute, banan-banan: zer moduz aitona? Eta amona? Eta ama?

Oso bestelako nomadak dabiltza azken asteotan Errioxako Portilla bailarako mendietan: Europako hainbat bazterretatik etorritako jendea, Ostadarra hippy mugimendukoa. Viniegra de Abajo dute herririk hurbilena. Guk aspaldiko lagunak ditugu herri hartan.

Asteon izan gara haietako birekin. Heziera onekoak omen dira bisitariak, adei-tsuak, gisakoak. Ez dute isatsik ipurdian, ez adarrik kopetan, eta ez dute ezer ebatsi, baina zenbait hedabideren salmenta nardagarriak -¡acampada sexual!- moral kirastunak asaldatu ditu.

Nomada sahararren bizimodu eta espirituaren antzik ez du Espainiako Lucena del Puerto (Huelva) herrian dagoen txabola-guneak ere. Etorkin afrikar talde handi samar bat bizi da.

Ez dute urik, ez komunik, ez zabor-edukiontzirik.

Andaluziako Langileen Sindikatuak (SAT) eguzki-plakak jarri zizkien, argindarra bederen izan zezaten.

Ezezagun batzuek instalazioa desegin eta ostu diete. Sindikatuak salatu duenez, "uniformedunak ziren". Alkatearen aginduz egin dutela uste dute.

Ez zegoen agindu judizialik, baina alkate serio batek ezin galduko du denborarik horrelako ñabarduretan. SATek Guardia Zibilaren kuartelean jarri du salaketa.

Hiru egoera, hiru eredu, hiru filosofia. Denak trabako gure gizarteak.