Erredakzio-Mahaia

Distopiatik gertuago

06.06.2021 | 01:26
Distopiatik gertuago

Ingurugiroak izugarri eskertuko duen fenomeno demografikoa izanik ere, kezkaz bizi dut jaiotza-tasari aurreikusten zaion jaitsiera graduala, zeharka bada ere hainbat arlotan eragin negatiboa izango baitu. Nire kasuan arrazoi filantropikoengatik baino proletariotzarekin zerikusia dutenengatik nago arduratuago. Izan ere, baby-boomerren pentsioak sostengatzeko besteon erretiro adina atzeratzea ezinbestekoa izango den bitartean, ziurtzat ematen dut gure belaunaldiko beharginen jubilazioa eusteko eskulan gaztea faltako dela. Australopithecusek ere jakingo lukete zein den egonezin honetarako konponbiderik errazena. Eta ez ditut betiko aitzakiak jarriko: lan prekaritatea, kontziliazio eza etab. Honakoan beste oztopo organikoago bat aipatu beharrean nago. Opus Deik babestuta edo, aste honetan Ugalkortasunaren Nazioarteko Eguna ospatu da, eta, aitzakia hori baliatuz, klinika pribatu batek datu esanguratsu bat eman du ezagutzera: azken urteetan %138a igo da gizonezkoei lotutako arazoak direla medio ugalketa tratamenduetara jo duten bikoteen zifra. Dirudienez, 40 urteko muga ez da kritikoa emakumeentzako bakarrik, gizonen ugalkortasun gaitasuna %70a jaisten baita adin horretatik aurrera. Jakina, albistea ez da poztekoa, baina behintzat ugalkortasunari lotutako aurreiritziren batekin apurtzea lortzen du. Edonola ere, benetan aztoragarria dena zera da: Margaret Atwoodek Neskamearen ipuina nobelan kontatutako distopia horretatik gero eta hurbilago gaudela.

aaraluzea@deia.eus

 
Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia