Erredakzio-Mahaia

Lainotutako ikuspuntuak

09.05.2021 | 01:25
Lainotutako ikuspuntuak

Lanera heltzeko autobusa egunero hartzen nuen garaian, erdibidean, gurpil-aulkian zihoan gizon bat igotzen zen sarritan, edo saiatzen zen, behintzat. Izan ere, Bizkaibuseko plataformak larregitan arazoak ematen zituen, trabatuta geratzen zelako. Behin, autobusetik jaitsi behar izan ginen bidaiari guztiok, hurrengoa hartzeko, eta, ondorioz, berandu heldu nintzen prentsaurreko batera. Horregatik, nire eserlekuko erosotasunetik gurpil-aulkian zihoan gizona leihotik ikusteak izorratu egiten ninduen, nire ordutegia aztoratu zezakeenaren beldur berekoiak ikuspuntua lainotzen zidalako. Urte batzuk beranduago, lotsaz gogoratu dut pasadizoa Lexuriren ekimenaren berri izan dudanean. Dibertsitate funtzional baten eraginez, gurpil-aulkian mugitzen da. Lanera joateko, egunero, Lekeitiotik Bilbora doan 6:15eko autobusa hartzen du, eta, itzultzeko, 16:45ekoa. Azaltzen duenez, plataforma batek ere ez du behar bezala funtzionatzen. Hortaz, egun batzuetan ezin izaten da autobusera igo eta hurrengoari itxaron behar izaten dio, berandu iritsiz. Hori dela eta, hainbat kexa jarri eta hala moduzko erantzunak jaso ostean, aste honetan sinadura bilketa bat abiarazi du bere egoerari konponbide bat aurkitzeko. Txalotzekoa da bere eskubideak aldarrikatzeko agertu duen adorea, erakundeen erantzukizuna baita aurkitu ditzakeen oztopoak arintzea. Baina batez ere herritarroi gure zilborretik haratago doazen errealitateen kontzientzia hartzeko parada ematea eskertzen diot.

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia