Erredakzio-Mahaia

Arduren pisua

28.02.2021 | 01:19
Arduren pisua

Nor konturatzen da zuen etxeetan oloa falta denean? Gizona ala emakumea? Barbara Goenaga aktoreak bere Instagram kontuan aurrera eramandako inkestaren ondorioak biribilak dira: kasuen %14an gizonezkoak, eta, %86an, emakumezkoak. Sasi-ikerketaren abiapuntua, aktoreak RNE irratian duen espazioan azaldu zuenez, Candela Peñak egindako adierazpen batzuk izan ziren. Katalanak zioenez, gizonezkoa den goi-mailakoa exekutiboaren eta emakumezkoa den goi-mailako exekutiboaren arteko ezberdintasuna emakumeak bere etxean oloa edo laktosarik gabeko esnea falta dela dakiela da, baita oheko maindireak aldatu behar diren, nahiz eta berak ez aldatu. "Emakumeak goi mailako gaitasunak ditugu", zioen. Hari horri tiraka, Goenagak emakumezkoek pairatzen duten "karga mentalaz" aritu zen: "Eguneroko erantzukizunengatik jota bizi diren emakumeen sindromea da, pisu bikoitzarekin bizi diren emakumeena: lan-bizitza eta familia-bizitza". Sare sozialetan, besteak beste, seme-alaben osasun-txartela nork zeraman galdetzen zuen: kasuen %94an emakumeak eta %6an gizonak. Ebidentzia horiek baino, bere iri-tzia emateko idatzi zion gizon baten hausnarketa gustatu zitzaidan: "Emakumeek hasieratik hartzen dute rol hori. Eta rolak adostu egin behar dira". Interesgarria iruditu zitzaidan ere rolak inbertitzeko emakume batek planteatutakoa: "Gakoa desagertzean dago, besteak agintea hartu behar duela senti dezan". Arduren pisuarena ez da harresi makala.

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia