Honetan guztian, nik, tarte zuriak deskubritu ditut. Eta ez naiz azulejoez ari (jadanik ez dut azulejo zuririk etxean). Lapurretan egiten nuen denborak, orain, bere lekua du bai nire agendan eta baita etxean ere. Bere txokoa hartu du. Eta ez naiz lanerako lekua izateaz ari (hori betidanik izan baitut). Sortzaileak, sormenerako hartzen duen lanerako denboraz gain, behar du baita ere pentsatzeko, irakurtzeko, bilatzeko, kontrastatzeko, eztabaidatzeko, edota atseden hartzeko tartea. Norbere tartea. Hazteko tartea. Tarte zuria. Sormen lan orok eskatzen duena.

Lehen, beste ohitura edo eginbeharren batek betetzen zuena (egin beharreko bisita edo ateraldiren bat, ezin delegatuzko erosketa premiazkoren bat, edota kalera ateratzea bera). Orain, ia-ia erreibindikatzen aritu beharrik gabe, tarte hori ohiko eta natural bilakatu da. Neure. Ez besteren. Nire egunerokoan tarte bat, nire atsegin eta garapen intelektualerako errekonozitua. Beste ezerekin partekatu behar ez dudana.

Psikologoak ez zuen honetaz hitz egiten. Ustez premia bizikoagoak diren gauzez ziharduen. Emakumeontzat, tarte zuriak izatea premia bizikoa da, ordea.