Erredakzio-Mahaia

Ahaleginak

13.12.2020 | 01:08

euskaraduna izateagatik euskararen aldeko joera dudala aurresuposatzen didatenaren kontzientzia hartu berri dut. Militantziarako grina intrintsekoa omen dugu D ereduan ikasi eta eremu soziolinguistiko euskaldunetakoek. Estalian erabilitako argudio horrekin zuritzen dute bere burua euskaradunak ez izanik euskaldun bezala identifika-tzea gogoko dutenak. Egingo dute haiek, ahaleginik gabe xurgatu baitute euskara. Orain, Euskararen Eguna, Euskaraldia eta Durangoko Azoka pasatu ondoren, euskarak protagonismoa erdiesteko urtean dituen mugarri garrantzitsuenetakoen artean zenbatzen direnak, lasai asko hartzen dute arnasa inork ez dielako behatzaz seinalatuko bere esfortzu ezak euskaradunei suposatzen digun aparteko eginahalaren ardura har dezaten. Euskararen normalizazioa entelekia bat izan ez dadin euskaradunei eskatzen zaigun konpomisoa ere bere gain hartu behar dute euskaldun hitzarekin eroso sentitzen direnak. Eta erantzukizun hori postureotik haratago joatea beharrezkoa da; ez da nahikoa txapa jarrita argazki bat ateratzearekin edo sareetan maitemindu hitzaren etimologia konpartitzearekin. Euskaraz idatzita egoteagatik iruzkin hau irakurriko ez dutenen benetako babesa ezinbestekoa da euskaradunon egunerokotasuna oztopoz betetako ginkana nekeza bihur ez dadin. Ahaleginak bai, baina bi aldeetatik, gerrarako prest gauden militanteak izatera kondenatu ez gaitzaten euskaradunoi.

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia