Erredakzio-mahaia

Eta gu zer?

15.11.2020 | 01:14
Eta gu zer?

Deigarria izan da tabernarien eskaerekin bat egiteko manifestazioetara hurreratu den herritar kopuru esanguratsua. Sinesgaitza egiten zait ostalarien estutasun ekonomomikoek horrenbesteko ardura piztea, ez bada garagardoak edateko espazioen itxierak gure egunerokotasunean duen eraginagatik. Ferran Adrià eta bere mailako sukaldariburu katalanak ere erreskate eske agertu dira. Ugaritasun-urteetan menpekoei miseria bat ordaintzen zieten bitartean otorduak 200 eurotara eskaintzen zituztela ahaztuta edo. Orain pandemiaren turko-buru izaten ari dira. Baina ez dira kaltetutako sektore bakarra. Bestela galde iezaiozue bidaia-agentziei. Norbere zilborrari begiratu "eta gu zer?" aldarrikatzeko joera duen gizarte honetan, zailegia zait tentazioari eustea eta hedabideek bizi dugun krisiaz inork pentsatzen ote duen itauntzea. Hamaika erreibindikazioren berri ematen dugu egunero baina inork ez ditu gureak jasotzen. Soldata prekarioak, lan baldintza eskasak eta enplegu-erregulazioko espedientearen mehatxu iraunkorra. Baliteke inor ez gogoratzea gutaz gure krisia urrunetik datorrelako, digitalizazioak planteatu dituen erronkei lotuta. Edo baliteke inor ez gogoratzea gutaz oinarrizko zerbitzua garenez gero inoiz ez dugulako kale egin. Baina egunkaria eguzkiaren antzera egunero irtengo denaren ziurtasuna atzo baino lausoagoa da gaur. Diario de Ibiza-k langileen %30a kanporatuko duela iragarri berri du. Zein izango da hurrengoa?

aaraluzea@deia.eus

Más información

Blogs de Deia
Foros Deia