Gure gatazka politiko eta armatuaz bezala, honetaz ere bakoitzak bere kontakizuna idatzi nahi du. Bada, baina, kontakizuna eta ipuina bereizten ez dituenik. ELA sindikatuak grebalariei egitura, baliabideak, babesa eta presiobideak eskaini ez balizkio, haien eragiteko ahalmena askoz murri-tzagoa izango zatekeen. Auzitegi Gorenak binakako finala gelditzeko kautelazko neurriak agindu ez balitu, orain erabat urardotutako buruz buruko bat ematen ariko ginateke. Baina lortu duten akordioaren oinarrian hori guztia baino garran-tzitsuagoa izan den faktore bat dago, esku pilotaren historian sekula ikusi gabea: pilotariek elkar hartu dutela. Zaharrek eta gazteek, goi mailakoek eta apalagokoek, irabazteko asko eta galtzeko ia dena zutenek. Kasu honetan askoz garrantitsuagoa izan da bat egitea hogeita bi egitea baino.

Pilotarien elkarte bat izango dugu laster, demokratikoki eratua eta ongi aholkatua; aurrerantzean arazoak ez dira norberarenak soilik izango, elkartearen bitartez bideratuko da enpresekiko bitartekaritza, solaskidetza aitortu bat izango dute. Enpresek gauza askotan eman dute amore. Ezinbestekoa zen, baina eskertzekoa da. Haientzat ere ona beharko luke honek guztiak, kirol honek beste prestigio eta begiramen bat izango du nornahiren begietara. Egoerak oso larria izaten jarraituko du, hori ez da akordio baten gorabeheran aldatuko, baina beste zimendu ba-tzuk izango ditugu etorkizuna eraikitzeko.