Erredakzio-mahaia

Ez egotea

01.11.2020 | 01:22
Ez egotea

ABertzalekeria muturrera eramanda, Japoniako ministro batek mindo hitza erabili zuen herrialde nipondarrean koronabirusak izandako eragin urria azaltzeko. Taro Asok bere herrikideak maila gorenago batean zeudela esan nahi zuen horrekin. Antipodetan, eredugarri izateko ariketan, akats larriak ikusi ditugu aste honetan, hedabide baten bosgarren urteurrenaren harira egindako ekitaldi jendetsuan. "Distantziarik onena ez egotea da", aitortu behar izan du Salvador Illa ministroak, mea culpa intonatuz, hainbat politikari bildu zituen gau-jaiak sortutako erremina ikusita. Baina, ezer leporatu diezaiokegu klase politikoari herritarren jokabidearen ispilu baino ez direnean? Eskua jaso dezala hondartzan hiru ordu baino gehiago eman ez dituenak, Mediterraneo aldetik ere maskara derrigorrezkoa dela ahaztu ez duenak edota baimendutako edukiera gainditzeagatik lagun arteko bazkarietara ez joatea erabaki duenak. Ubikuotasunerako joera duen gizarte honen gaitza –millennialek FOMO (Fear of Missing Out) izendatuko lukete– ez egotea da. Horregatik, Gabonak konfinatuta pasatu behar izateak justizia poetikoa suposatuko luke murrizketak leuntzeko hamaika trikimailu asmatu ditugunontzat. Kasu honetan, baina, ardiaren kulpak bildotsak pagatuko ditu. Nola ahalbidetu dugu atzerako kontaketan sentitzen den eta mindo jokaera mantendu duen amama Gabonetan bakarrik geratzea aukera bat izatea? Ez egote hori izan liteke gogorrena. Denontzat.

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia