Erredakzio-mahaia

Aurtengo 'Grinch' berria

04.10.2020 | 01:16
Aurtengo 'Grinch' berria

Turroiak eta polboroiak supermerkatuetako apalategietatik gozozaleei dei egiten hasi baino lehen agertu da aurtengo Grinch berria. Ekonomista eta ilehoria da, Igualadan jaiotakoa, eta Alba Vergés du izena. Kataluniako Osasun Sailburua izan da zorigaiztoko urte honetako Gabonak nolakoak izango diren aurreikusten –edo hitzez esaten– ausartu den lehena. Horrela, zuzentzen duen sailak eguberrietako afari zein bazkarietan sei pertsona baino gehiago biltzea debekatuko duela aurreratu du, beste autonomi-erkidegoek jarraitu dezaketen irizpidea finkatuz. Pozarren hartuko zuen albistea koinatu jasanezina ikustea ekidingo duenak, baina gehienoi sosegurik ematen ez digun notizia dela esango nuke. Ez bakarrik sasoi seinalatu horretan familia guztia batzeko ezintasunak madarikatuta dagoen 2020ko pastelaren ginga dirudielako, baizik eta erantzunik ez duen galdera deserosoa denboran gehiegi luzatzen ari delako: noiz arte horrela? Unean bizitzen ikasi dugu, gure ziurgabetasunetan igeri, osasunaren beste adarra, mentala, blindatzen saiatuz. Baina aldartea malguagoa da, badu egunetik egunera aldatzeko gaitasuna informazio buletinen konpasera. Berriki utzi digun Mafaldaren aitak komikietako neskatorik bikaineraren ahotan jarri zuen legez: "Astean egun batean albistegiek ziria sartu beharko ligukete albiste onak emanez". Gogoan hartu dezatela erakunde publikoen komunikazio kabineteetan ere. Gabonak lapurtzen dituen iratxo berdeak itxaron zezakeen eta.

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia