Izendapenaren ondotiko nire hitzetan, eskerrak eman nizkien legealdi berrirako programa atontzen eta hausnarketa fasean lagundu didaten guztiei, eskerrak eman nizkien Eusko Ikaskuntzako langileei, eta eskerrak eman nizkien, nola ez, bazkideei, agertutako konfiantzagatik eta larunbatean bertan hasiera eman genion bide berrian, lehenbiziko bultzada emateagatik.

Nire esker ona merezi duen beste jende asko eta asko dago (ezingo nituzke lerro hauetan denak bildu) baina ba da pertsona bat, lerro hauen bidez aipatu eta eskertu nahiko nukeena: nire aita, Jesus Mari Urkiza.

Umetxoa nintzela, ikastolatik etxera joan nintzen batean, gurasoei esan nien, nire lagunei beren gurasoek, Athletic club-eko bazkide txartela oparitu zietela jaunartzeko opari gisa. Nik ere zerbait nahi€ Aitak, orduan, zera esan zidan: erabaki beharra nuela, edota "besteak lanean" ikusteko aukera emango zidan erakunde bateko bazkide izan nahi nuen, edota "nik lan egin" ahal izango nukeen erakunde bateko bazkide. Konpromisoaz hitz egin zidan orduan, herriaren alde lan egitearen balioaz. Momentu hartan, hitzok, handiegiak suertatu zitzaizkidan. Baina urteetan barrena, aita ikusi ahal izan nuen neurririk gabe lan egiten.

Larunbatean, bada, 6.954 zenbakia harrotasun osoz erakutsi ahal izan nuen, Eusko Ikaskuntzako nire bazkide zenbakia, lanerako hartzen dudan konpromisoaren adierazgarri.

Larunbatean bertan, Joxe Migel Barandiaranen bustoaren aldamenean argazkia atera zidatenean, beste argazki bat etorri zitzaidan burura: aita eta ni, gure etxeko egongelan jarrita, bera "Señorío de Vizcaya" liburuki potoloa eskuan, eta ni, Joxe Migel Barandiaranen "Mitología Vasca". Ordu luzeak egiten genituen elkarrekin irakurtzen, tokadiskoan Dvorak-en "Mundu berriaren sinfonia" lagun.

Eta bai, loteria tokatu zait. Inguruan dudan lantalde indartsu eta konprometituarekin, gure herriaren etorkizuna garatzen urrats bat gehiago emateko aukera emango didana.