'Patria' eta HBO

06.09.2020 | 01:10
'Patria' eta HBO

POLTSIKO-liburua atera zutenean ere lortu nuen Patria liburu-dendetako apalategietan uztea. Iritzi kontrajarriak sortzen dituzten obren inguruan nire uste propioak garatzea nahiago dudan arren, gehiegitan entzun nuen Fernando Aramburuk euskal gatazkaren ikuspuntu bakarrean oinarritzen zuela bere istorioa, independentismoa gai-tzesteko asmo alderdikoi ez hain ezkutuaz. Milioi bat ale saldu ostean, kontakizunaren aldeko borroka irabazi du donostiarrak, zenbait kritikok diotenez terrorismoaren auzia fikzio batean laburbiltzeko ariketa manikeistaren bidez. Aste honetan liburuaren egokitzapena izan da hizpide, HBOk irailaren 27an estreinatuko duen telesailaren kartelak piztutako polemika dela medio. La casa de papel telesailaren boikota eskatu zuten berberek –Itziar Ituño aktorea euskal presoen alde agertzeagatik– jokaldia errepikatu dute, horma-irudiak ETAren biktimak eta borreroak berdintzen dituela argudiatuz. Idazleak ere hanka-sartzea dela adierazi du, parteka-tzen ez duen marketin estrategiaren parte. Eta iskanbilaren erdian, egokitzapenaren arduraduna den Aitor Gabilondoren hitzak gogoratu nahi nituzke –"Indarkeriak dena suntsitzen du, indarkeria erabiltzen duena eta jasaten duena. Dena hondatzen duen uhin hedakorra da"–, batzuk bilatzen duten polarizaziotik urrunduz euskal gizartearen gehiengoak onetsiko lituzteen berbak esateagatik. Ez dakit liburuaren aurrean amore emango dudan, baina ez dut telesailaren boikotean parte hartzeko asmorik.

Blogs de Deia
Foros Deia