egunkari baten lan egitearen alde onak zenbatu behar ditudanean beti esaten dut akatsen bat argitaratu eta hurrengo egunera aipatutako orrialdea txakurraren gorotza jasotzeko erabiliko dela. Baita errakuntza ez dagoela zapping batean erreproduzitzeko modurik, nahiz eta Twitterren biraltasunetik salbu ez egon. Baina hori beste istorio bat da. Beste abantailetako bat ia prentsaurreko orotan hauteman daiteke, hitza hartzen duenak edozein kargu izanik ere. Galdera-erronda bukatutakoan hasten da klasikoa. Euskal telebista edo irratietako kideek eskua altxatzen dute amesgaiztoko eskaera egiteko: "Euskaraz laburpen bat egiterik bai?". Hain zuzen ere aste honetan izan naiz ohikoegia den egoera deseroso honen lekuko. Ordezkari politikoak kopeta zimurtu du ezezko biribila emateko; "nahikotxo" uler-tzen duen arren, ez dela (ordezkatzen duen lurraldean ofiziala den hizkuntzan) "mintzatzeko gai" esanez. Doluminak emateko zirkunstantzia aurpegia jarri diot kazetariari, euskaraz idazten dudanean berau ikasteko tarterik hartzen ez duten horien adierazpenak itzultzeaz kokoteraino nagoela eta abantaila bezala ikusten nuena besteak zuritzeko prozesuaren barnean sartzen dela ondorioztatu dudan arte. Jaurlaritzaren ekimenez, orain, doan ikas daiteke euskara B2 mailara arte. Ez legoke gaizki prentsaurrekoetan kopeta zimurtzen duten zinegotzi, diputatu eta sailburuek ere bat egingo balute erizainez betetako euskaltegietara. Adibidea emateko baino ez bada ere.

aaraluzea@deia.eus