IKERKETA berba berak nagi pixka bat ematen duela nabarmea iruditzen zait, berdin dio hautsez beteriko paper-sorta edo legajoak edozein moduko artxiboetan, herriz edo auzoz auzo euskerazko ele bereiziak pilatzen, Unibertsitateko laborategi edo tailerretan zein, gaur dagokidan kasuan, lurpeko zuloetan historiaren argiak eta oinarriak ematen dizkiguten gordailu eta altxorrak bilatzen. Koba zuloetan jarduteak zaletasun espeziala sortzen duenaren adierazle, Bilboko 'Galeria del Libro'n sariren bat banandu eta afaldu ondoren Bizkaiko aldundiko espeleologo taldekoek, 94 urte beteta aldamenean zuten, Joxemiel Barandiaran-i Karrantza aldean aurkitu berri zuten koba baten berri eman zioten eta ataundar jakintsuak honakoa erantzun "Ea halako urteren baten beta hartzen dudan zuekin ikusteko". Egiari zor, ez dakit erronka kunplitu zuen, asmo betea zuela bai.

Hurbilen ditudanak eta inoiz baino sarriago irakurri nautenentzat errepikatzea izanen da, zalantza dela ikerketaren oinarria eta ikerketa zientzia sendotzeko ezinbesteko urratsa eta bidea.

Esan gabe doa zientziaren garrantzia edozein kultura edo mundua beraren garapenerako zer den eta, zalantza aipatuz, zientzia edo kulturaren edozein atal ezezik txikikeria baterako behar izan den araketa edota ikerketa zalantza denetik landa dago. Zorionekoa beraz zalantza ikerketara bideratzen denean; ez, ordea, hainbat urtez eta (itxura osoz) borondate onez jardun duen giza talde jakintsu baten lana ezbaian jartzeko. Harako aspaldian lehen epaiketak izan zirenean daturen batzuk eman nituen arren, oraingoan isiltzea nahiago ditut.

Edozein daturen gainetik gizatalde batzuen burugogorkeria nabarmentzen delako holako auziak sortzen direnean edo argitzeko nahian. Hori sinetsi nahi nuke gainera, zeren beste aukera, inondik azaldu nahi ez dituzten, mila eratako, interesak ezkutatzen dituztelako. Gizakion duintasuna eta noblezia, euskararen lehen hitzak nongo eta noizkoak diren berrestea baino inportanteagoa deritzat.