ABIXATUTA zaudete, hemendik urte batzuetara zuen burua lehendakari karguan edo inguruan ikusten baldin baduzue, hobea duzue zuen Facebook, Twitter, Instagram eta bestelako kontuetan zuen profila ondo garbitzea, eta ez legoke gaizki Google-n zuen izena jarri eta zer agertzen den ikustea, badaezpada ere. Hobe duzue espedientea Don Limpio-ren teilatua baina garbiago izan, bestela baten batek argitara atera eta kasurik onenean lotsa publiko apur bat pasa beharko duzue.
Etorkizuneko politikariek ez dute lan erraza izango. Berez nahiko konplexua iruditzen zait kargua bera, eta jendeak ezagutu egiten zaitu, badaki nola pentsatzen duzun eta aurreiritziak sortzen dira zure inguruan, batzuetan asmatuak, beste batzuetan ez. Ezaguna zara, baina ez daukazu Hollywoodeko artisten fama onik, ez eta Gandhirena ere. Marroi bat, alegia. Ardura bai, sari sozialik ez.
Hau gutxi balitz, egun dugun panoramarekin, irakurri berri dut Sanchezek osatu behar duen Espainiako gobernu berriko kideak goitik behera aztertzen ari direla kargua eman baina lehen, arestian izan diren karguhartze eta dimisio ia automatiko horiek ekidite aldera. Batek dirua ez dakit non gordea zuela, edo deklaratu gabe, edo uste baino gehiago, edo behar baino gutxiago. Trikimailu anitz, ordaindu beharrekoak ez ordaintzeko.
Izen ona mantentze aldera, edo sikiera gobernuari gutxieneko jarraipen bat emateko, ez zait galbahea metodo txarra iruditzen, eta disgustu bat ere aurrezten badigu gaitzerdi gainera. Baina beste alde batetik gure sekretutxoak arriskuan jartzen ditugu, badirudi ezin dugula historialean akatsik izan, maila horretara iritsi nahi duenak behintzat. Sekretutxo diot betiere zerbitzu publikoarekin zerikusirik ez duten gauzak aipa- tzeko, noski. Ongi bereizi behar genituzke lanbideari edo postuari dagozkion borondatezko kudeaketa akatsak, edo goizeko ordu txikitan mozolo aurpegiarekin atera ziguten argazki hura.
Pribatutasunaren marra aise gainditzen dugu horrelakoetan, oso mamitsua izan baitaiteke ez dakit noren argazki bat bainujantzian, edo ez dakit nor bere herriko festetan lotsagabe dantzan. Bizilaguna ikusi dugu egoera deseroso batean, eta partekatu behar dugu. Ordubete baino lehen milaka whatsapp-taldetan dago irudi hori bera. Zoritxarrez, ez dugu ongi bereizten karguari dagozkion funtzio horien betetzeak orbangabea izan behar duela, baina gero bakoitzak eskubidea daukala gerrikoa pixka bat lasatu eta egunerokotasunaz ahazteko, bikinitan, garagardo batekin edo gogoratze hutsak lotsarazten gaituen gaztaro batekin baldin bada ere.
Askatasuna aldarrikatzen dugu adierazteko, prentsarako, bizitzeko eta baita jantzi edo eranzteko ere, baina besteengan askatasun hori bera islatzea zailagoa egiten zaigu. Bizkorregi epaitzen dugu, jakinda gainera izen ona ereitea baina askoz errazagoa dela momentu batean berau zikintzea.