Síguenos en redes sociales:

Gizon batek esan didalako

Sektorean autoritatea handia suposatzen zaion gizon batek esan didalako sinetsarazi diot nire buruari euskal literatura feminizatzen ari dela. Belaunaldi berrietan emakumezkoak diren idazleak nabarmentzen ari direla, alegia. Neuk ere baneukan intuizio hori. Eta Durangoko Azokaren harira, Igartza Saria irabazi dutenen zerrenda berrikustea otu zitzaidan: azken hamar urteotan zazpi emakumek eta hiru gizonek erdietsi dute eleberri bat kaleratzeko beka. Adierazgarria. Duela gutxi irakurri nuen Eider Rodriguezek idatzitako Idazleen gorpu-tzak. Egiletasuna ezbaian literaturaren joko zelaian, non Arantxa Urretabizkaia, Laura Mintegi, Miren Agur Meabe, Karmele Jaio eta Uxue Alberdiren testigantzak jasotzen dituen. Haien ibilbideetan zehar emakume izateagatik pairatutako zalantza, buruko min eta trabak deskribatzen ditu. “Oztopo eta zailtasun erantsi hauen aurrean amore eman dutenak zenbat izan diren ezin jakin”, dio Rodriguezek zuhurtziaz. Izan ere, testuinguru horretan nola ez ziren gailenduko gizonezkoak! Saiakerak agerian uzten du ez dela nahikoa norberak idazlea dela jakitearekin, besteen aitortza ere beharrezkoa baita. Bostek konfesatzen dute hastapenetan gizonezkoak izan zituztela akuilu, mentore; hau da, gizon batek esan zielako jarraitu zutela idazten. Bizenta Mogelen garaitik gauzak asko aldatu badira ere, badirudi oraindik ere emakumeoi gure irizpidean -nire kasuan- eta trebetasunetan -haienean- sinestea kosta egiten zaigula.

aaraluzea@deia.eus