ASKATASUN gabeko pertsona guztien egoerak kezkatzen gaitu, giltzapean zer arrazoirengatik dauden kontuan hartu gabe (delitu arruntak, intentzio politikoa zutenak...), pertsona horiek zer baldintzatan bizi diren aintzat hartuta. Pertsonengana egiten den hurbilketa izango da esku artean duzun hau, jakinik analisia partziala izango dela, espetxe sistema bera kontuan hartzen ez bada, sistema horren azken xedea presoa berriro gizarteratzea delarik. Aurreragoko beste gogoeta batean hartuko dugu gai hori hizpide.

Senitartekoak Kartzela batera sartu gara. Lehen atea igaro dugunean, askatasun gabe daudenekin (presoak) hainbat motatako lotura esanguratsuak dituzten hainbat pertsona aurkitu ditugu: semea edo alaba bisitatzera datozen amak, haiengatik sufritzen dutenak; beste ba-tzuk beren bikotekidea ikusteko pozez datoz: gaur, agian, lokutorio bidez min-tzatuko dira, edo bisean biseko komunikazioa dute, familiartekoa edota intimoa. Beti labur egiten dira halako elkarretara-tzeak. Etxeko maiteen falta sufritzen duten senitartekoen aurpegi ikusezinak dira. Eta, aldi berean, aurpegi ikusezin horiek argitxo motel bat eratzen dute gizarte-ahanzturaren iluntasunean.

Hurbileko pertsona horiek dira askatasunik gabe bizi denaren eguneroko bizimoduaren sostengua, itxaropena eta ilusioa. Horregatik da hain garrantzitsua ezarritako zigorra presoak gizarte-erroak dituen tokian betetzea. Etxekoen eta gertukoen hurbiltasunak bisita horiek maizago eta jarraitasunez egin ahal izatea errazten du, lehendik jasaten duten sufrimenduari beste bat erantsi gabe.

Askatasunaz gabetutako pertsonak

Apur bat barnerago egin eta, bigarren ate bat igaro ondoren, kartzelaren barruan gaude jada. Barruko espazio hau bakarturik sumatzen dugu, beste mundu bat balitz bezala; gizarteak ezarritako haustura bat dago, harresiek ez dute zirrikiturik uzten, irudimenarentzat eta oroitzapenentzat izan ezik. Hala ere, badira kanpoaldearekin komunikatzeko zirkuituak: jasotzen eta bidaltzen diren eskuti-tzak; senitartekoen eta lagunen bisitak; beren presentziaren bidez, presoek behar duten laguntza eta adiskidetasuna eskaintzeko asmoarekin espetxera sar-tzen diren boluntarioekiko harremanak.

Aintzat hartzekoa eta goraipatzekoa iruditzen zaigu beren denbora eta ahalegina presoei laguntzen eta haien bizimodua duintzeko ahaleginean saiatzen diren hainbat profesional eta boluntarioren lana.

“Duintzeak” esan nahi du pertsonek bizi-tza duin bat izatea ahalbidetzen duen guztia behar dutela. Epaile edo epaitegi batek ezarritako zigorra betetzen ari diren pertsonek ez dute beren pertsona izaera galtzen, beren eskubideak eta betebeharrak dituzte. Barruan dauden pertsonak ikusezin egiten dituzten harresiek ez ligukete errealitate hori ezkutatu behar.

Beste pertsona batzuen eta/edo ondasun pribatu edo publikoen aurka delituren bat egin duten pertsonak epaituak izan dira eta dagokien zigorra ezarri zaie. Baina horrek ez du haien duintasuna murrizten. Norbera da bere egintzen erantzule, eta horrek ez luke pertsona horren aurrera egiteko ahalmena gutxitu behar, humanitatean hazteko eta, bere ahaleginarekin eta gizartearen laguntzarekin, egindakoa konpontzeko, erantzule egiteko eta bizitzan gora egiteko. Hitz gutxitan esanda, helburua humanitatean gora egitea da, eta hori sostengatu eta bultzatu egin behar litzateke gizartetik.

Gizarte inklusibo batean Askatasun gabe geratu eta kartzelan sartu dituzten gizakiek badituzte nolabaiteko erroak lurraldean, udalerriren batean bizi izan dira eta, orain, espetxea kokatuta dagoen lurraldean bizi diren pertsonak dira. Beren loturak dituzte, harremanak, sustraituak daude edo horretan ahalegintzen dira. Gizarteak inklusiboa izan behar du, bigarren aukerak eman behar ditu, lagundu, zerbitzatu eta hazkunde pertsonalaren prozesua ahalbidetu.

Ez gara “onez” eta “gaiztoez” ari, pertsonen kategoriez edo haien ideologiaz. Pertsonak ditugu gogoan, askatasuna, hutsegiteak, aitortzea, erantzutea, borrokatzea, haztea; oso zori desberdinak bizi izan dituzten pertsonekin bilbatzen den gizarte batez ari gara. Gizarte inklusiboa ez da gutxi batzuen gizartea, baizik eta guztiona, eta pertsona hautsi, zauritu, hauskor eta presoez ere arduratzea dagokio.

Azkenean, zigorra amaitzen denean, kartzela utzi eta gizartera irtengo da berriro. Izatez, beti izan da gizarte horren parte, baina orain beste modu batean, harresietatik kanpo. Kasu askotan, beste batzuen laguntza behar izaten segituko du, bazterketan eroriko ez bada. Pertsona bakoitzaren indarra aitortzeko ordua da, eta gizarteari, baztertzailea izan ordez, abegitsua izatea dagokio, espetxean oso egoera zailak bizi ondoren, berriro besteen parean baloratuak eta onartuak sentitzeko irrikaz datozen horiekiko. * Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo García eta Joxemari Muñoa Etiker-en parte hartzen dute