ez dut gogoratzen nor izan zen zezenketaren areriorik handiena eserleku hutsa zela esan zuena. Aurtengo Aste Nagusian esanguratsua izan da Vista Alegreko tendiduetan hainbeste hutsune ikustea, batez ere lehen egunetan. Eguraldiak zerikusia izan zuela esan dute batzuek, baina Enrique Ponce edo Diego Urdiales toreatzaile entzutetsuek ere ez zuten zezen-plazari beste itxura bat ematea lortu. Ez da albistea korridek gero eta ikusle gutxiago erakartzen dituztela, eta, horrek, ekipamenduaren gainbehera ekonomikoa eragin duela 2014tik. Iaz bakarrik 277.00 euroko galerak izan zituen. Emaitza horiek azaltzeko arrazoiak ez dira gutxi: kartelen eraberritze eza, sarreren prezio altua eta zaletasunaren beherakada zenbatu daitezke. Gauzak horrela, Bilboko Udalak, zezen-plazaren kudeaketa zaharberritzeko xedez, lehiaketa publiko bat deitu du. Eta zein izan da emaitza? Hiru helegite administratiboren ostean soilik enpresa bat aurkeztu dela: azken 80 urteetan Vista Alegre kudeatu duena, hain zuzen ere. Chopera familiaren ondorengoak Alberto Baillères mexikar dirudunarekin elkartu dira oraingoan. Baina badirudi zezenketak inbertsio handiak baino beste zerbait beharko duela hiribilduan biziraungo badu. Susmoa dut, herri galdeketa baten beharrik gabe, asteazkeneko faenan indultua merezi zuen zezen adoretsua hiltzen utzi zuten bertaratutakoak izango direla zezenketarekin bukatuko dutenak, hamabost urteko kudeaketa berriaren kontratua bukatu baino lehen gainera.

aaraluzea@deia.eus