Uste dut ez dituela inoiz inork behar legez eskertu euskal hiztun bizkaitarrak alfabetatzeko Derioko Udako ikastaroek egindako ekarpena. Eta ikastaroen urteurrenaren ai-tzakia merezimendu hori goraipatzeko erabili nahi nuke.

“Dakigunetik ez dakigunera” irakatsi zidaten Ander Manterolak eta Karmelo Etxenagusiak. Eta horixe izan zen Labayruko arduradunek Deriora zetozen bizkaitar gazteei eskaini zieten metodologia: lehenik, bizkaieraz alfabetatu, gero euskara batuaren bidean sakontzeko. Eta hala, etxeko euskararekin heldu zen hainbat eta hainbat Bizkaiko euskaldun zaharrek lortu zuen bizkaiera batuan alfabetatzea eta bere hizkera bizia euskara batuaren ukituz janztea. Haietako asko eta asko irakasle bihurtu ziren gerora, ikastaroetan ikasitakoa lan-mundura eroanez.

Ni hemeretzi-hogei urteko mutil gaztea nintzen, Bilbora ikastera etorria. Euskal Filologia ikasketak egiten ari nintzen Deustun eta Gipuzkoako literaturaz eskolak ematera gonbidatu ninduten Labayrukoek. Aurretik banuen Derioko ikastaroen berri, Hernaniko Urumea ikastolan gure andereño izandako batzuk handik pasatakoak baitziren, Mikel Zarateren sasoian. Ezezagun eta iritsi berri, aitortu behar dut Ebanjelioko seme galdua bezala hartu nindutela seminario zaharrean, etxekoei eskaintzen zaien konfiantza eta abegi onez, irakasle taldeko giputz ofiziala bihurtu nindutelarik.

Ikastola kumea beraz, eta seminariotik pasa gabea, ez zitzaidan ordu arte inoiz horrenbeste abadez inguratuta egotea suertatu. Hasierako lotsak pasata, ordea, giro atsegina eta patxadakoa aurkitu nuen berehala, ikuspegi irekia eta niretzat berria zuten eliz eta plaza gizon ziren haien artean.

Irakasle nintzen eta seminario batean geunden, baina gazte ginen, gazte, eta denetarako aukera ematen zuten hamabost eguneko egonaldi haiek. Hainbat lagun egiteko sasoia izan zen, hainbat parranda egitekoa, eta lanari gogor ekitekoa ere bai. Eta nola ahaztu jangela handian gauez izaten genituen jai giroko ekitaldi haiek. Gogoan daukat zenbat aldiz kantatu nituen, gitarra eskuartean, jangela handian sortzen zen borobil handi haren erdian, Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean, edo Antton Valverderen Maitatzen bazaitut.

Gaur beste sasoi bat bizi dugu. Alfabetatu beharreko gehienak alfabetatuta, euskararen inguruko ezagutza, gaitasuna eta erabilera hartu ditugu jomuga. Labayruk ere eginkizun berriak ditu, baina bere ekarpena egiten jarraitzen du, Derioko bere egoitza nagusitik, hizkuntzaren alde, ikerketa sustatuz, testuak argitaratuz, literatura-sorkuntza bultzatuz eta urteetan metatutako jakituria teknologia berrien bitartez herritarren eskura ipinita.

Labayrurekin eta Derioko Ikastaroekin zerikusia izan genuen askok eta askok eragina daukagu gaur egungo euskal gizartean, gauden tokian gaudela: Lehendakari-tzan, Jaurlaritzan, udaletan, Legebiltzarrean, Euskaltzaindian, Unibertsitatean, irakaskuntzan, ikerketaren munduan edo gizarteko hainbat eta hainbat langintza eta profesiotan. Euskararen etorkizuna eta biziraupena auzitan dauden sasoi honetan, badugu zer esana eta zer egina. Askok eta askok, gure eguneroko jardunaren bitartez, prestigioa eman diezaiokegu gure hizkuntzari eta geurea da erantzukizun hori. Derioko Ikastaroetatik pasatakook euskararen erabileraren alde egin dezakegun ekarpenak ez du berdinik. Egin dezagun!

(*) Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailburua da