KOLDO Mitxelenaren aburuz euskararen etorrera baino interesgarriagoa da jakitea zergatik euskarak iraun duen historiaren zehar bizirik. Nire ustez, euskararen etorkizuna ziurtatzeko, galdera honen erantzuna funtsezkoa da. Hizkuntza baten iraunkortasunaren arrazoia jakitea euskaldunontzako gakoa da. Gure arriskua zera da: esaten dizkiguten arrazoi erdi magikoak, edo gure nolakotasunaren berezitasunetan sinestea eta nartzisismo engainagarri batean jaustea.Hori gure izaera deuseztatzeko amildegia litzateke. Horrexegatik, euskararen bilakaera sakonki eta zientifikoki aztertzea funtsezkoa da euskararen etorkizuna iragartzeko, eta, ondorioz, kontuan eduki-tzeko egin behar dena.

Eztabaida biziko gai den Euskararen historiaren gune batean dago gakoa, nire ustez. Burdin Aroan gertatu zena gakoa izan daiteke. Kastroen eraikuntza da aro horretako ezaugarri nagusiena, Carlos Olaetxearen ustez. Kastroen sorrerak giza talde zabal batzuen presentzia adierazten du eta nolabaiteko hierarkizazioa, antolamendu edo agintea, lur edo harri mugimendu horiek burutu ahal izateko. Burdin Aroan burdin metalurgia garatua azaltzen zaigu, zenbait erreminta egitera eta armagintza zuzendu batez ere, apaingailuak brontzez egiten jarraitzen badute ere. Erromatarrek hemen gizarte oso antolatua aurkitu zuten, burdingintza produkzio sistema aurreratuarekin. Horrek suposatzen du komunikazio sistema edo hizkuntza bilakatua izango zela, baita ere idatzia , edo gutxienez erromatarrekin idazketa alfabetofonetikoa garatuko zela.

Dudarik gabe, Euskal Herriko ezaugarri bereziak direla eta, izena hartu aurreko Euskal Herri hartan, Erromaren kolonizazioak eragindako kultura deuseztatze eta eraikitze lanaren ondorio ukigarria baita. Kontuan har dezagun ere zuzenbide berezia bat zutela, ikertu den bezala, eta oraintsu arte iraun duela, hain errotua zegoen. Horrela ba, Pirinioetako Zuzenbide izenaz ezaguna dena, behetik gorako antolamendu egonkor bat sustatu egin du. Auzo-lana, lur amankomunak eta biltzarren bitartez eraikitako zuzenbidea.

Argi dago hizkuntza tresna ezinbestekoa dela nolabaiteko antolamendua edukitzeko eta mantentzeko. Nik gogoratzen dut, nire aitarekin kamioian lanean ibili nintzenean, hizkera berezia geneukala kamioiaren alde guztiak bereizteko, zehaztasun guztiarekin, zama lotzeko egin beharretatik hasita, motorraren pistoien kamisen konponketaraino, balbulen esmerilatzetik igaroz. Baina filosofia, teologia eta soziologia ikasi nituenean, bakoitzaren terminologia eta hizkera ikasi behar izan nuen. Halabeharrez, Eibarren, torloju eta erreminten inguruan, hiztegi berezia eta aberatsa bildu da euskaraz, gazteleraz egon izan ez dena. Horrez gain, neuk ezagutu dut bermeotarrek erabiltzen zuten hiztegi idatzia txalupen alde guztiak bereizteko, gazteleraz aurkitu ezinezko hitz asko erabilita. Busturian ere bildu nuen erabiltzen ziren hainbat hitz, troka, aldapa eta lurraren forma eta aldaketa desberdinak bereizteko, gazteleraz ez zeudenak.

Ikuspegi honetatik, Elkanoren historian tresna bereziena zein izan zen igarri genezake. Mundu guztiaren inguruan lehenengoz bidaiatu zuenaren historian, euskara izan zela gakoa baiezta daiteke. Kantauri inguruko itsasgizonak trebeenak ziren arrantzan eta enbatak gainditzen. Bizkaia golkoa, munduko itsas zakarrena dela badakigu. Eta itsasalde honetako marinelak mendeetan ibili izan dira han, lanean, euskaraz hitz egiten. Euren arteko hizkera euskara izan da, bai harremanetarako eta baita lanerako ere. Eta etorkinek ehun egunetan baino arinago ikasten zuten euskara, baldin eta itsasoan lan egin nahi bazuten. Neu izan naiz horren lekukoa 60ko hamarkadan, Ondarrun. Hiztegi oso aberatsa izan da euskaraz itsasontziko alde guztiak eta eginbehar guztiak bereizteko. Itsasontzi bateko taldekideek, euren arteko harremanak eta lana egituratzeko euskara erabili izan dute, era oso efektiboan. Beraz, zalantzarik gabe baiezta daiteke, Elkanoren taldea euskararen bitartez gai izan zen, ez bakarrik Kanariar irletatik alde egiteko bere marinelekin, espainiarren asmoa zein zen jakin zutenean, hala nola, Elkano eta bere taldekideak hil, eta horrela eurek Españara heltzerakoan, munduari lehenengo bira ematearen garailetzat aurkeztu. Euskara baliogarria eta ezinbestekoa izan zen Elkano eta bere taldekoentzat bidai guztiaren oztopo eta enbatak gainditzeko, mundu guztiari bira emanez bizirik.

Baina joan gaitezen atzera, berriro Burdin Arora. Burdin Aroan gizarte garatua egon bazen, hizkuntza garatuarekin, gai izan zena 300 kilometroko distantzian zeuden populazioak elkarren artean ulertzeko, nolabaiteko euskarri idatzia behar izango zuen. Erromatarrak heldu zirenean, eta batez ere, kristautasuna ekarri zutenean, oraindik era primigeneoan, hau da, Constantinok kristautasuna ofiziala egin barik eta Niceako kontzilioaren aurretik, pentsa daiteke biziki zabaldu ahal izango zela kristautasuna, forma berezi batekin. Gero Nicea-ko kontzilioa eginda, izango zen errepresio errukigabearen ondorioz, pentsa liteke pentsaera eta idatzitako hizkuntza haren aztarna guztiak ezabatuko zirela. Horrekin lotuta, hugonotekin gertatutakoa datorkit burura. Erromatarrekin gertatu zenaren inguruan berri asko ez badaukagu ere, hugonoteekin gertatukoaren berriak gero eta gehiago heltzen zaizkigu. Eta beldurgarria da benetan, jakitea nolako sarraskiak egin ziren erlijioa erabiliz, hugonoteen izaera, pentsaera eta hizkeraren aztarnak deuseztatzeko.

Laburki esanda, euskararen iraunkortasunaren gakoa, hizkuntza guztien antzera, egoerara moldatzeko gaitasuna izan da, ingurumena ondo kudeatuz. Burdin Aroan, alegia, burdingintza, lurraren jabetasuna eta lana hizkeraren bitartez ondo kudeatuz; Erdi Aroan,ordea, itsas bizitza, arrantza eta itsasoratze erak inor baino hobeto eginez. Geroago, inprenta asmatu zenean, erlijioaren edukiak euskaratuz eta izaera moldatuz antolamendu berriekin, beste hainbat hizkuntza komunitateek egin zuten antzera. Finlandiarrena bereziki interesgarria da. Gutenberg-ek inprenta asmatu eta Europatik zabaldu zenean, Turku-ko erretorea zen Mikael Agricolak Testamendu Berria grekotik finlandiarrera itzuli zuen, Luteroren irakaskuntzak jarraituz, eta Finlandiako eliza sortu zuen. Finlandiako hizkuntza, landu eta zabaldu zuen. Finlandiarrek euren hizkuntzaren eta herriaren sustatzailetzat dute Agricola. Gaur egun ere, bere estatua Helsinkiko katedralaren erdian dago, elizaren funtsezko habe batean. Agricolaren lana, Euskal Herrian Leizarragak egin zuenaren lanaren an-tzekoa izan zen, baina geroko gertaerak oso desberdin garatu ziren Finlandian eta Euskal Herrian, nahiz eta biak estatu gabeko herriak izan. Jakina, herri botere-tsuek Cervantes eta Shakespeare bezalako idazleak sortu zituzten. Horiek jakin zuten pertsonen emozioak eta dramak zehatz deskribatzen, aberastasun guztiarekin. Gure artean oraindik ez da horrelakorik sortu. Baina?

¿Eta orain eta etorkizunean?