Badirudi Guggenheim handiagotzeko ideia hozkailuan dagoela, ekonomiaren susperketa baten zain-edo.
Proposamena zera zen: Sukarrietan Bastidaren eraikuntza bat “birziklatzea” bigarren egoitza gisa, euskal artistei dedikatua batik bat. Aldeko argudioak aintzat hartuta ere, ideiak baditu bere eragozpenak, erabilpen soziala eta balio historikoa duen eraikuntza batetan esku hartzeak sortzen dituen zalantzak kasu.
Eta hemen proposatzen dena: xede honetarako beste eraikin bat birziklatzea... handik hurbil dagoena... bere espazio huts itzelek edozein arkitekto eta bisitarien irudimena piztuko luketeenak... Bastidarena baino dezente berriagoa bai, baina berau ere eraikin historikoa dena.
Harira etorriz: zergatik ez atondu Lemoizko zentral nuklearra artearen edukiontzi gisa? Berdingabea litzateke horrelako museo bat, arteaz inguratuta zentral nuklear baten barrutik noragabe ibiltzeko esperientzia emango lukeena. Guggenheim 1.0 bezala, proiektu hau ere errekonbertsio eredugarri gisa altxa liteke.
Baina Lemoiz ez da edonolako zentrala ere, hor datzan altzaitu eta hormigoizko gorpua herri honen urte bortitz eta odoltsuen biktima ere badelako, lotsaren lotsaz, ahaztu nahiko genukeen historiaren aldi horrena. Artearentzako berreskuratuko bagenu, ezin ekidin ere biktimen oroimenerako berreskuratu beharko genukeela. Museo eta memorial. Nekez asma liteke toki egokiagorik..