ETBn ezagutu genuen kazetari bizia, Madrilgo Gortera Nafarroaren ahotsa eraman zuen parlamentari errespetatua, Nafarroako lehendakaria da maiatzaz geroztik. Uxue Barkos izaera gogorreko pertsona da. Asko zaildu du politikak, asko sendotu du bizitzak eta gehiago gogortuko du Nafarroako presidentziak. Zer egin behar duen argi ikusten duen horietakoa da eta hura lortu arte ez du atseden hartzen. Uxuek, Geroa Bairen babesaz eta Ezkerra, Podemos eta EH Bildurekin batera, obra fin eta landu bat osatu du, konpromisoa eta leialtasuna osagai dituen filigrana bat: hauteskundeetan bigarren geratu zenak gobernua osa-tzeko gaitasuna izan zuen; hamarren bat alderdi politiko eta hainbat independiente elkartzen dituzten lau koaliziorekin batera programa politiko bat adostu zuen; bere gobernu-taldea aukeratu zuen; eta Diputazioa hartu zuen, eskuin foralaren eta bere hedabideen enbatari aurre eginez. Mirari txiki bat da Nafarroan gertatu dena eta ongi erakusten du helburu nagusi konpartitu bat edukiz gero -aldaketa-, eta aitzindaritza indartsu eta malguaren bitartez, obra zailak burutu daitezkeela. Sánchez sozialistak eredu bat behar badu, badaki non bilatu. Hor du Nafarroako esperientzia erreferentzia bezala. Uxue indartsu ageri da eta badu intuizio bat: zinez uste du aldaketa posible dela, baina lan handiko urte batzuk beharko dituela. Filigranaren zaintza Uxueren bizkar geratu da. Berezkoa duen sedukzio-gaitasun osoa beharko du zailtasunak gainditzeko eta nafar gehiagoren lehendakaria bihurtzeko.