PEDRO Sánchezen egoerak ez du irtenbiderik. Bi helburu nagusi zituen; bat bete du, baina ez bestea. Pablo Iglesiasek PSOEk baino botu bat gehiago ez lortzea zen bere xede nagusia, eta hori lortu du. Rajoyk baino emaitza hobeak eskuratzea zuen beste helburua, eta horretan labur geratu da: sakeak 123, errestoak 90, PSOEk Espainiako hauteskunde nagusi batzuetan inoiz izan duen emaitzarik txarrena. Hala ere, Sánchezek ez du dimisioa eman nahi. Ez ahaztu, bere aurretik, Joaquin Almuniak eta Alfredo Pérez Rubalcabak, nahiz eta Sánchez baino hobeto atera, utzi egin zutela alderdiaren buruzagitza botu emaleen babes eskasa zela medio. Sánchezek zail dauka. Bai etxe barruan eta bai kanpoan. Sozialistak iparra galduta dabiltza eta arazorik larriena etxean dute, Felipe Gonzálezek ezarri zuen lidergo pertsonal eta ahalguztidunaz geroztik inork ez baitu alderdia bide onetik eramateko patxadarik aurkitu. Sánchezek inork baino gutxiago. Eta etxez kanpo, zailago. Sánchezek kanpaina erdia egin zion Rajoyri: Kataluniako egoera korapilotsuaren aurrean batasun nazionaleko akordioa proposatu zion; Terrorismo yihadistaren aurka ere, beste akordio nazional bat eskaini zion, eta gaur bi paktuek daukate eskuloturik sozialisten burua. CUPek Masi inbestidura oparitzen badio, akabo. Programarik gabeko kanpaina izan da, pertsonajeen festa. Orain, programak adostea beste erremediorik ez dagoen honetan, Sánchez bere hitzen gatibu da eta bakarrik dago. Lortuko ote du onik ateratzea? Gaitz.
- Multimedia
- Servicios
- Participación
