kALERA atera ginen, gure herria zapaltzen zuen diktadorearen aurka protesta baketsua egitera. Baina diktadoreak ejerzitoaren eta armen indarrez erantzun zuen. Eta horrela piztu zen gerra. Ez zigun inork lagundu. Gurea herri aberatsa zen eta jendea ongi bizi zen. Orain ez daukagu non bizi eta zer jan. Eta ez dakigu noren alde egin”. Horrela mintzo zait Sabbah, gure artean bizi den emakume siriar euskaldun bat. Erdi mailako familia damaskoar bateko alaba da. Ia dena galdu dute, bakea eta ogasuna, eta beldurrez bizi dira: herria armaz zapaltzen duen diktadorearen beldurrez eta Siriaz jabetu nahi den Estatu Islamikoaren beldurrez. Hiru urte dira gerra hasi zela: 220.000 pertsonak galdu du bizia, lau milioi ihes eginda daude -Libano, Turkia, Jordania eta Egiptoko errefuxiatu guneetan-, eta poblazioaren erdia gerraren eraginpean bizi da. Pentsa litezkeen desgrazia guztiak jausi zaizkie gainera: etxerik ez, gosea, emakumeen aurkako indarkeria, haurren egoera larria, gabezia... Eta aurrera begira, esperantzarik ez. XXIgarren mende honetako tragediarik latzenaren aurrean gaude, eta inori ez zaio inporta. Mundu osoko estatuetako ordezkariak bildu dira aste honetan siriarrentzat dirulaguntzak emateko: 3.500 milioi euro bildu dituzte eta konponbide politiko bat eskatu dute, baina bakoitzak bere interesak ditu eta norberaren interesa siriarren bakearen eta ongizatearen gainetik dago. Sabbah harrituta dago. Ez zaio buruan kabitzen munduan sumatzen duen axolagabekeria, eta kosta egiten zaio ulertzea zeinen erraz galdu daitekeen guztia: familia, ondasunak, aberria...