LUIS Buñuel 1949 urtean iritsi zen Mexikora, Estatu Batuetan urte gutxi batzuk egin eta gero Espainiako gerra osteko errepresiotik ihesi. Mexikora heldu eta handik bi urtera, pelikula indartsu bat filmatu zuen, inor indiferente uzten ez duen horietakoa, eta eszena oniriko surrealista batzuk falta ez bazaizkio ere, kritikariek neorrealistatzat daukate hiriaren, gizartearen eta legearen aldirietan bizi den mutil-koadrila marjinal baten istorio bortitza, krudela, errukirik gabea. Pelikula pesimista da oso, Buñuelek berak hasieran abisatzen duen bezala; errealitatea ere, halaxe. Bestalde, pelikula ez da jada espainolez egina, mexikarrez baizik. Hangoen moduan, hangoen hizkeran, hangoen estetikara hurbilduz. Buñuelen aipatu pelikulak izena du Los olvidados.

Martin Ugalde 1947an iritsi zen Venezuelara, Buñuel Mexikora baino bi urte lehenago. Bi-biak modu natural batean -mimetismoz- egin ziren bertako. Han zeuden, hangoekin egin zuten bat. Eta Buñuelen aipatu pelikulak gizarte mexikarraren aldirietako ahaztu marjinal batzuk erretratatu bazituen, Martin Ugalderen titulu ederreko ipuin bildumek ere (Un real de sueño sobre un andamio, La semilla vieja, Las manos grandes de la niebla?) Venezuelako ahaztuak dituzte protagonista, Franz Fannonek hamar urte geroago “lurreko kondenatuak” deitu zituenak.

Ugaldek, askotan esan da, venezolarrez idazten du Venezuelan, eta ez hemengo gaztelania usu barrokoan. Hangoen hizkera oihana bezain jori ugarian edaten du: “Cristóbal Yepes se entretiene viendo pasar lentamente los palos de caoba, de cedro, de apamate, de samán, de saqui-saqui, de mijao, de mora como si los conociese a todos”. Esan liteke Ugalde ere Yepes bezala ari dela -como si los conociese a todos- Venezuelako errealitatea bereganatzen, hango bizitzarekin bat egiten.

Belaunaldi berekoak dira Ugalde eta Ignacio Aldecoa, seneko ipuinlariak biak, eta gasteiztarraren pertsonaiak ere, andoaindarrarenak bezala, gizartearen zanga dute patu. Baina bi idazleon pertsonaiak historiaren ahaztuak baldin badira ere, batek espainola (ez batere barrokoa) darabil eta besteak venezolarra, nolabait esateko eta inolako asmo gutxiesgarririk gabe esanda. Hizkeraren desberdintasunak pertsonaiaren marka singularitzatzen du, hori da adierazi nahi dudana. Irakurleak aiseago lotuko du Ugalderen idazkera boom latino-amerikarra deitzen dugun korrontearekin, Espainian egiten ari ziren literaturarekin baino, nahiz Ugalderen istorioak kontatzeko modua gertuago egon soziala deitu zaion errealismotik magikotik baino. Hizkerak halako miraritxoak obratzen ditu literaturan.

Baina dena ez da Venezuela Ugalderen literaturan. Areago: amesten duen etorkizun hobe baterako trebakuntza zaio Venezuelako lana. Artean Caracasen bizi zelarik, euskal ipuingintza modernoa inauguratu zuen, berriro pertsonaia ahaztuen inguruko ipuinekin; oraingoan, ordea, Espainiako gerra osteak ahanzturaren ilunpeetara botatakoak dira Iltzaileak (1961) liburuko protagonistak. Venezuelan zegoelarik, burua hemen zuen hangoari traiziorik egin gabe.

Arrakasta handia izan zuen Venezuelan kazetari eta idazle gisa, baina Ugaldek ez zuen ahaztu Euskal Herria eta ez zitzaion ahaztu bere hizkuntzan nahi zuela izan kazetari eta idazle. Frankismoaren azkenetan itzuli zen, ilusioz gainezka, Venezuelan ikasitako guztia hemen praktikan jartzeko. Euskal errealite ahaztua ezagutarazi nahi izan zuen hemendik kanpo Hablando con los vascos, Hablando con Chillida edo Síntesis de la historia del País Vasco bezalako testu dibulgatzaileekin. Aurki, saminez konturatu zen kanpoan ezagutarazteko idazten ari zena -hemengo historia, pertsonaien ugaritasuna, arazo kulturalaren sakona- ezezagun arrotza zela hemen eta baita bere inguru hurbilean ere. Ahaztua. Baztertua.

Gaztelaniazko dibulgazio lanak eta kazetaritzak neke handia ematen bazion ere, ez zuen, haatik, euskarazko sorkuntza baztertu. Aitzitik baizik. Adinean aurrera zihoalarik, edadetu jendea hasi zen sar-tzen ahaztu kuttunenen klubean eta ipuinetara eramaten (Mantal urdina, Bihotza golkoan?). Kazetaritzari dagokionez, larrutik ordaindu zuen euskarak ahaztu baztertua izaten segitzen zuela Franco hil ondorengo urteetan, baita beren burua euskaltzaletzat zeukaten askoren artean ere. Behazunik minena dastatu bazuen euskarazko kazetaritza sustatzen egindako ahalegin luzean, Egunkariaren itxierak areago mikaztu zion bizia heriotza ateetan zuela.

Hamar urte pasatu dira ordutik. Hainbeste maite zituen eguneroko heroi apal ahaztuen panteoian dagoela uste dut.