Síguenos en redes sociales:

Soziofobia

Noizbehinka pisu handiko liburukoteetan ulertzen ez duzuna ber-tze leku batean, paragrafotxo batean, argi agertzen zaizu. Hori gertatu zait Eduardo Galeanoren Ispiluak liburuan. Hor irakurleak pasarte bat aurkituko du, "Askatasunaren filosofoa" izenekoa, non John Lockeren eragina azaltzen den.

Pentsalari ingelesa aitzindaria izan zen mundu politiko modernoan, batik bat, tolerantziaren eta askatasunaren arloan. Enpresa askatasuna, merkataritza askatasuna, konpetentzia askatasuna, kontratazio askatasuna eta bertze horrenbertze dira Lockeren ahaleginen artean. Askatasunak gora, askatasunak behera, Mendebaldeko zibilizazioan sinesten dugun libertatearen arabera, freedom eta liberty ditugu, denon begietara, Jainkoak gizaki industrigile eta arrazoizkoei emandako dohainak.

Galeanok bertze askatasun bat azpimarratu du Lockeren biografian: inbertsio askatasuna. Giza adimenari buruzko saiakera idazlana antolatzen zuen bitartean, ekarpen esanguratsua egin zion Lockek giza adimenari, Royal Africa Company enpresaren akzio multzoa erostearren bere aurrezkiak inbertituz. Britainiar koroaren eta gizon industrigile eta arrazoizko horien enpresa izan zen Royal Africa Company. Honen negozioa globalizazioaren lehenengo urratsen artean koka dezakegu: Afrikan esklaboak harrapatzen zituen, Amerikan saltzeko. Horra hor garraio askatasuna eta diru askatasuna kontinenteen artean, "beltz-horniketa behar hainbateko eta iraunkorra prezio egokietan", garaiko publizitateak saltzen duen mezuan.

Horrela zabaldu da askatasuna, hasieran Mendebaldean, bukaeran mundu osoan. Askatasuna gizartean, soilik merkatua faboratzen zuen heinean. Mendeetan zehar, garbi dugu orain horren ondorioa: soziofobia. Askatasun hori eskuratzeko dena saldu dugu gure bizitzetan, natura suntsitu, komuna zatitu eta geurekoikeria barneratuz. Gorroto honek liberalismoaren bihotzean taupadak egiten ditu. César Rendueles-ek azken liburuan kontatu digu nola zirkulatzen duen gure zainetatik eta zirkuitu libidinaletatik.

Bukaeran aske gara gorrotatzeko eta gizartea suntsitzeko, baina ez, ordea, elkarrekiko zainketa komuna bultzatzerakoan. Halaxe da ongi komunen tragedia gaurko gizarteetan. Ez gara ez hiritarrak, ez herritarrak. Gorrotoz jositako zordun liberalak baino ez gara, gerra zibil ostendu berri batean, non mozkinak pribatizatzen diren eta zorrak sozializatzen diren.

Soziofobia hau guda ezkutua dela diot, eta ez da nire asmaketa. Berkshire Hathaway konpainiako presidente eta munduko pertsona aberatsenetakoaren iruzkin baten irakurketa da: "Badago klase-borroka, ados, baina nire klasea da gerra egiten duen klase aberatsa, eta irabazten ari gara". Warren Buffetek aurreko esaldiak bota zituen elkarrizketa batean, The New York Times egunkarian.

Hortaz, irabazleak egon badaude, eta borroka honetan galtzaileak egon badaude. Gerra hau azken maila da soziofobian, giza horniketa behar hainbateko eta iraunkorra prezio egokietan. Emaitza ezaguna da: demokraziak burtsan kotizatzen du, eta haren baloreak beherantz doaz.