XIX. mendearen amaieran, 1876ko Euskal Foruen galeren ondoren hain zuzen, gerrate karlisten porrot eta triskantzen ondoren, baina garaiko etsipenari eta tristeziari gaindi egin nahian, euskal kultura, euskara, euskal ohitura, euskal historia eta abar aldarrikatzeko eta errebindikatzeko mekanismo kulturalak martxan jarri ziren ordu hartako euskal gizartearen baitan, zeren kon-tzientzi berri bat ernatu eta errotu zen askorengan. Aro berri bati ekin beharra suma-tzen zen. Euskal Pizkundea deituko zen garai gihartsu bat biziko zen Euskal Herrian zehar, alor askotan.

Eta honela, testuinguru horretan, lehiaketa literarioak indar berezia hartu zuten era eta leku desberdinetan. Euskal literaturaren berrikuntza, beraz, euskal foruen galerarekin batera eman zen, paradoxa benetan. Politikoki, eta Sabino Aranaren eskutik, laster oso, abertzaletasunak, euskal nazionalismoak gorputza hartuko zuen. Gizartean aldaketak zetozen, sozial eta politikoki aro berri batean zeuden gure aurrekoak. Dena dela, Euskal Pizkunde honek Iparraldean izan zuen bere hasiera, bere abiapuntu eraginkorra. Kuriosoa benean. Eta honela esan genezake lau etapa bereiz ditzakegula fenomeno berri, nolabait esateko, honen aurrean:

Sorrera eta aitzindariak, argi eta garbi, Iparraldean (1853-1879) D'Abbadieren eskutik etorri ziren, Urruña eta Saran bereziki antolatutako saio eta lehiaketak zirela medio.

Ondoren, Euskal Lore Jokoak suertatu ziren 1879 eta 1895 urteen bitartean, Donostiako Euskal Lore Jokoen udalbatzaren sorrera festa hauen harrera ona zela eta. Donostiako Lore Jokoak oraindik bizirik dirauen Principal antzokian ospatzen ziren, eta betiere iraila edota Santo Tomas egunean. Dena dela, esan daiteke 1879an eta Elizondon izan zirela lehenengo Euskal Lore Jokoak. Lore Joko hauek egun bateko iraupena izaten zuten, lan sarituak irakurtzen ziren musika tartean eta irabazleen sari banaketa alaitasunez ospa-tzen zen nolabaiteko solemnitate bereziz. Diputazioa eta udaletxearen diru laguntzak jasotzen zituzten. Sariak, hasieran behintzat, izaera sinbolikoa izan zuten. Lehiaketei dagokionez, edukiari buruz hain zuzen, eremu eta alor desberdinetako gaiak lantzen ziren. Xedea argia zen, zuzena zen, garbia eta konprometitua: euskararen errekuperatzea.

Hauxe zen aldarrikapenaren oinarri, zutabe eta ardatza, euskararen berrindartzea hain zuzen. Eta honela lan saridunak argitaratzeak euskararen inguruko publiko kopurua handitzea suposatzen zuen. Eta honek garrantzi handia zuen.

Geroago, Euskal Festak, 1896 eta 1915 urtetan zehar, aipaturiko Lore Jokoak beste ekintza bat bezala hartuak izaten ziren festen egitarauetan. Esan behar da, literaturaz edo arteaz gain, festa herrikoi eta nekazaritza mundukoek eragina nabarmena zutela ospakizun hauetan. Donostian izan ziren lehenengoak, literatur saio, bertsolari eta txistulari txapelketaz osatuak, hain zuzen. Lurralde ezberdinetan ospatzen ziren eta askotan euskararen presentzia testigan-tzazkoa izaten zen zoritxarrez, eta halabeharrez. Presentzia soil hori ez zen gutxi edo txatxetako kontua, lurralde ezberdinen arabera betiere. Urteak joan eta urteak etorri, sariak sinboliko izatetik eskudirutan izatera pasa ziren.

Jai hauei dagokienez esan behar da askotan, tamalez, gaztelera zela lehiaketetan eta hitzaldiak emateko maiz erabiltzen zen hizkuntza, festa horien ardatza euskara zela suposatzen zen arren.

Denborarekin, eta urteak pasa ahala, herri ezberdinetan ospatzen ziren festa hauek aldaera bat jasan zuten, zeren Lurralde Historiko ezberdinetako botereek herriarekin erlazionatzeko ezinbesteko espazio erakargarri bihurtu ziren. Dena dela, euskara bizkortzeko asmoa zuten festa eta lehiaketa hauek Gipuzkoa eta Iparraldean ospatzen dira batik bat, Nafarroan, Bizkaian eta Araban hauen presentzia benetan eskasa izan zelarik, hasieran behintzat.

Festa hauetan herrikoia dena kultura ida-tziarekin nahasten zen, eta bertan, garaian garaiko kezka sortzen zuten gaiak proposa-tzen eta lantzen ziren.

Azkenik eta laburbilduz, euskararen aldeko lehiaketen dibertsifikatze bat gertatu zen fenomenoa dager bereziki, eta nolabait esateko, 1916 eta 1936. urtetako epean zehar hain zuzen bereziki gertatu zen fenomenoa izan zen, eta horrela Eusko Ikaskuntzaren sorrerara abiatu zen egoeraren konkrezioa, irrika, nahia eta beharra. Erakunde honen bidez, hots, Eusko Ikaskuntzaren bidez, oraintsu arte Euskal Herriaren, hizkuntzaren, identitatearen, kultura eta erakundeen alde egindako aldarrikapenak batu ziren, eta orduan bai, Herri proiektu bezala, zeren politikoki abertzaletasunak bere lekua hartua baitzuen euskal gizartean (eta epe motzean Sabino Aranaren eskutik ere jasoko zuen bultzadarik).

Ospakizun hauei esker (irakurketa eta idazketarako eremu berriak sortzea suposatu zutenak, hain zuzen), publiko berri honek (euskaraz irakurtzen zutenek) jaietan parte hartzea erakarri eta suposatu zuen; lehiaketa eta festa hauetan idatzia eta ahozkoa elkartu egiten ziren. Eta herria hiriarekin. Euskaldungoak honela alfabetatzeari ekin zion apal-apal, mantso-mantso baina eten gabe: saridunen lanak argitaratzen eta hauek irakurtzen, kartel ezberdinak begiratzen eta komentatzen... eta honela euskarak komunikatzeko bide berri bati ezinbestez ekin zion.

Eta gaur egun, 2013. urtean, laster 150 urte beteko diren honetan, Euskal Pizkunde zahar hura jarraitzeko, indartzeko, gaurkotzeko, egokitzeko, biziberritzeko, bermatzeko eta atxikitzeko asmo irmoan darrai euskal gizartearen borondateak, euskal gizartearengan datzan irrika nabariak. Orain, gaur egun ere, globalizazioan murgilduta gaudelarik buru belarri, euskararen aldarrikapenaren aldeko gogoa, euskararen ezagutzapenaren etengabeko aldarrikapena eta euskararen erabileraren xede eta helmugak zahar berri esamoldeari heltzen dio ilusioz, esaldi hark zioen bezala.

Katea ez baita eten. Katea ez da etengo. Eman diezaiegun gure ondorengoei gure aurrekoek eskura utzi ziguten altxor preziatuena, zein baita euskararekiko atxikimendua eta konpromiso solidarioa, hots, euskararen ezagutza eta erabilpena. Eta hau horrela izango den neurrian, lankidetza honetan ahalik eta indar eta kemen handienak jar-tzen gai garen neurrian, ziur nago auzolan ekimen horretan, etorkizuneko euskal gizarte osatuago baten alde jardunean arituko garela. Bizikidetzari, hiritarren elkar bizikidetzaren aldeko bultzada bat emango diogulakoan nago. Erabat ziur. Apustu gardena benetan.

Pizkundea eta bizikidetza, eskutik. Itxaropena eta etorkizuna bikote.