Síguenos en redes sociales:

Euskal kultura kinka larrian

Diruak joan zaizkigu; elkarrekin jarduteko elkarrekin landu genituen tresnak hankaz gora bota dituzte. Kulturen aldeko Kontratua lantzen ari diren bitartean, euskal kultura amildegian behera joateko arrisku larrian dugu.

HALA adierazi zion Natxo de Felipek, Oskorri taldearen sortzaileetako batek, Goiena aldizkariari: euskal kulturako kideak kinka larrian daude. Etorkizuna beltz, eta argirik ez tunelaren amaiera badatorrela iragarriko duenik; horixe da musikari ezagunaren iritzia. Oskorrik berak ere ez omen du ziurtatua etorkizuna. Eta zergatik? Bere iritziz, administrazioak edergarri moduan ikusten duelako kultura, krisi garaietan albo batera utz daitekeen kontutzat hartzen omen du kultura.

Egun pare bateko oihartzuna izan dute Natxo de Feliperen hitzok, eta gero zokoratuak geratu dira; albisteekin hala gertatzen da beti, azken ordukoak jaten dio lekua aurrekoari. Hala ere, behin baino gehiagotan ari gara entzuten kulturako jendea guztiz kezkaturik dabilela. Martxoaren 27an Antzerkiaren Nazioarteko Eguna zela eta, Eszenika, Euskal Herriko Arte Eszenikoen Goi Eskolaren inguruko informazioa zehazteko eskatu zioten Hezkuntza sailburuari. Izan ere, 2012-2013 ikasturtean zen martxan jartzekoa, baina orain dela hilabete ez zuten inolako berririk. Euskal Aktoreen Batasuna, Eskena Euskal Herriko Ekoizpen Eszenikoko Enpresen Elkartea, Arte Eszenikoetako Teknikarien Elkartea, Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartea, Euskal Herriko Gidoilari Profesionalen Elkartea, Txotxongiloen Arteetako Bilboko Dokumentazio Zentroa, Arte Eszenikoen Anima Eskola eta Artebi Bilboko Musika, Arte Eszeniko eta Ikusizko Arteen Bilboko Eskola, horiek guztiek sinatu zuten gutuna Isabel Celaári galdetuaz noiz jarriko zen abian Eszenika, zer ikasteko aukera izango zuten ikasleek, nortzuk izango ziren irakasleak, zein hizkuntzatan egin ahalko ziren ikasketak... Sinatzaileek nabarmen-tzen zuten Euskal Herriko arte eszenikoen etorkizunerako proiektu estrategikoa dela. 2010ean Hezkuntza Saileko arduradunek jakinarazi zuten dantzaren eta antzerkiaren inguruko bost gradu eta goi ziklo bat eskainiko zituela eskolak. Ele anitzeko sistema erabiliko zutela, eta gutxienez Arte Dramatikoko Interpretazioko gradua euskaraz bermatuko zutela. Horren guztiaren gaineko berririk ez eta kezkatuak zeuden eragileen duela egun gutxi izan dute erantzuna: ezinezkoa izango da datorren ikasturtean hastea. Urtebete atzeratuko da, nahiz kokalekua Eusko Jaurlaritzarena den espazioa izan (EITBren ondoan dagoena, hain zuzen ere). Ez dago bestelako berririk.

Eta honen aurretik, martxoaren 6an Arte Bizia plataforma aurkeztu zuten Eskena Euskadiko Produkzio Eszenikoen Enpresa Elkartuek, Euprel Euskal Promotoreen Elkarteak, ADDE Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak eta EAB Euskal Aktoreen Batasuna, eta hauekin bat egin duen Euskadiko Musikarien Kolektiboak. Hiru hiriburuetan, eta ordu berean eman zuten prentsaurrekoa kulturaren sektoreak bizi duen "egoera larria" salatzeko eta udaletako aurrekontuen %0,7 ikuskizunetara bideratzeko eskatzeko. Prentsaurrekoan emandako datuen arabera, 2009. urtean 27.000 langiletik gora biltzen zituen arlo horrek eta, hala ere, udaletako kulturarako aurrekontuak %10 eta %40 bitartean murriztu dira. Programaziorako aurrekontuak murrizteak, jakina, zuzeneko eragina izan du: "Sektorea itotzen ari dira, katxet oso txikia duten ikuskizunak kontratatuz eta prezioak maila ia iraingarrietara jaitsiz". Hala zioten arte eszenikoetako eragileek. Horrexegatik eskatzen zuten udalen, Foru Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren arteko elkarrizketa, "interes alderdikoien gainetik kulturarako babesa nagusitu dadin eta sektorea finantzatzeko gutxieneko oinarri bat berma dadin".

Ez dira, ordea, Arte Bizia plataformako kideak bakarrik; ikus-entzunezkoen sektorea ere "kinka larrian dago" zalantzarik gabe. ETB zen traktore nagusia, euskal fikzioa suspertzeko erantzukizuna zuena, gainerako hizkuntzetan sortutako fikzioaren bikoizketaren ardura ere izan behar zuena. Arlo honetan ere Ibaia euskal ekoizpen etxeen elkarteak, euskal gidoilarien elkarteak eta EAB aktoreen sindikatuak osatzen duten Ikus-entzunezko Plataformak otsailean salatu zuen telebistako fikzioa "ia erabat" desagertu dela. Inguruko telebista-kate guztiak ari dira fikzioaren aldeko apustua egiten, Madrilgo kateetan zein autonomikoetan; ETBren jarrera, aldiz, guztiz kontrakoa da. Horrek berarekin ekarri du proiektuak geratzea eta euskal ikus-en-tzunezkoen sektorea desprofesionalizatzea, aktoreen hamarretik batek baino ez baitu lan egiten. Sektorearen egoera inoiz baino larriagoa zela adierazi zuten; orain arte ondo zebiltzan batzuk ixten ari dira, eta besteetan erregulazio espedienteak ari dira martxan jartzen. Plataformako ordezkariek bilerak egin zituzten Eusko Legebiltzarreko ordezkariekin eta beren eskaerak babesteko eskatu zieten. Kezka hori beren eginik EAJk, EAk, Aralarrek eta EBk proposamena aurkeztu zuten Legebiltzarrean eta jarduera-plana eskatu zioten EITBri joan den otsailaren 14an. Proposamenaren lehen puntuak eskatzen zuen legebiltzarrak aldarrika zezala ikus-entzunezkoen sektorearen garrantzi estrategikoa eta kultura, industria eta enplegu arloko politika garatzeko duen funtsezko eginkizuna. Bestetik, proposamena onartuz gero, Eusko Legebiltzarrak premiazkotzat joko zukeen ETBk bere programazioan nabarmen gehitzea fikziozko, animaziozko eta kalitatezko entretenimenduzko programen eta dokumentalen eskaintza, euskaraz zein gaztelaniaz. Halaber, proposamenaren hirugarren puntuak jasotzen zuen Eusko Legebiltzarrak EITBri eska ziezaiola sei hilabeteko jardun plana aurkezteko, euskal ikus-en-tzunezko sektorearekin batera. Plan horretan aipatutako edukiak gehitzeko neurriak hartuko lirateke eta horretarako behar den aurrekontua finkatu. Izan ere, konpromiso zehatzak nahi zituen sektoreak, ez adierazpen orokorrak. Eta konpromisoak, guztiok dakigu hori, zenbakietan gauzatzen dira hobekien. Esku-hutsik atera ziren Plataformakoak eta proposamena aurkeztu zuten alderdiak Eusko Legebiltzarraren saio hartatik.

Jabetzen naiz lerro hauek irakurtzeko pazientzia hartzen duen batek baino gehiagok pentsatuko duela bere baitan: jakina, kulturan, gainerako edozein arlotan bezalaxe! Enpresetan bezalaxe. Hala da, bai. Baina, ohartzen ote gara zenbat urte behar izan dugun arte eszenikoetako sektorea, ikus-entzunezkoen sektorea prestatzeko? Ikusten ote dugu oso denbora gutxian galdu dezakegula horren guztiaren zati handi bat?

Miraririk ezin da, baina tresna batzuk behintzat balia ditzakegu. Ez dira tresna berriak, hortxe genituen lehen; hobeto esanda, eragileekin batera sortu genituen. Hor genuen Programa Kontratua, lau urterako konpromisoak finkatzen zituena. Hankaz gora bota zutena. Hor genuen Kulturaren Euskal Plana, erakundeen arteko harremana ziurtatzen zuena batetik, eta erakundeen eta eragileen artekoa, bestetik. Hor ere 2008-2012 epealdirako konpromisoak zehaztuak zituena. Eta berriro ere jabetzen naiz behar bada, ziurrenik nahi baduzue, ezinezkoa izango litzaiekeela oraingo arduradunei kopuru haiei eustea. Baina, behin-tzat, eutsi egingo zioten sektore publikoaren eta pribatuaren arteko harremanari; behintzat, hartu beharreko neurriak eta ezarri beharreko lehentasunak elkarrekin eztabaidatzeko aukera izango zuten.

Diruak joan zaizkigu; elkarrekin jarduteko elkarrekin landu genituen tresnak hankaz gora bota dituzte. Kulturen aldeko Kontratua lantzen ari diren bitartean, euskal kultura amildegian behera joateko arrisku larrian dugu.

Ez dut amaitu nahi azken deia egin gabe: instituzioek asko dezakete, baina gutako bakoitzak ere bai. Ahal dugun neurrian, har dezagun erabaki sendoa euskal kultura kontsumitzeko, euskal sortzaileen lana babesteko. Bestela, modu batean edo bestean, geuk ere izango dugulako erantzukizuna.