Europa osoan Euskadi da cannabis edo marihuanaren kontsumorik altuena duen lurraldeetako bat. Eta adituek diotenez bost mila gazte euskaldunek erretzen dute egunero txirriren bat. Zergatik ote da? Zergatik ote du horrenbesteko arrakasta kalamua erretzeak euskal gizartean?
Ez da erraz ulertzen. Gure gazteek badakite erregai hori erostea legez kanpo dagoen ekintza dela, eta arrisku bat hartzen dutela erosketa hori egiterakoan. Jakin dakite erosketa horrek osasun arriskuak ere badituela: legez kanpoko sustantzia izanik, ez baitago salerosten duten sustantziaren gaineko osasun kontrolik; eta oso posible da, sarritan, kalamuarekin batera pozondutako gaiak hartzea gorputzak. Eta jakin ere badakite erretzea arriskutsua dela beren osasunerako.
Cannabis erretzeak kalte larriak eragin ditzake heldutasun fisikora iritsi ez diren gazteen adimenaren garapenean. Eta kasu batzuetan aurreratu egin dezake zenbait buruko gaixotasunen agerpena. Psikiatrek kezkaz bizi dute egoera hau; gazte horien gurasoek, larritasunez; eta unibertsitateko irakasle asko ere arduratuta daude beren ikaslerik gazteenek eskola orduetan adi egoteko erakusten duten zailtasunagatik. Baina badirudi alferrik dela: erretzen hasi diren gazteek nahiago dute erretzeak ematen dien plazera. Eta ez dute ohitura hori alde batera utzi edo mugatzeko asmorik. Miren Jone gure gizarte permisiboan bizitzera etorri da eta antza denez gure artean geratzeko asmoa du.
Euskadin cannabis erretzeko dauden elkarte sozialak nola arautu aztertzea erabaki dute, aho batez, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoek. Beharrezko ikusten dute talde horien bitartez egiten den kontsumoa arautzea, bertan erretzen diren sustantzien kontrola zaintzea, erretzeak dituen ondorioei buruzko informazio guztia ziurtatzea eta erretzaile ez direnen eskubideak ere bermatzea. Gauza ona dela uste dut. Eta lagungarri izan daitekeela marihuanaren erabilerak dituen hainbat alde zaintzeko.
Hala ere, mundu oso bat geratuko da arauaren babesetik kanpo. Gure gazteek kalean jarraituko dute erosten, erretzen eta porroaren erritoan parte hartzen. Mundu oso bat geratzen da beraz, osasun arloak, hezkuntza sistemak, eta batez ere guk, gurasook, landu dezagun, informazioaren bitartez. Geuk ere ezagutzen ditugu Miren Joneren ibilerak eta geuri dagokigu, beste inori baino lehen, gaiaren gainean egotea eta gure seme-alabekin hitz egitea. Osterantzean, badakigu zer gertatu daitekeen. Ruperren kantuak dioen bezala, gure labezomorro gazteak ibili ezinik geratu daitezke.