Síguenos en redes sociales:

¿Por qué dices tantas veces ETA?

inoiz kontatu dizut, irakurle, gure bizilagunaren semea Ameriketan dagoela. Hamabost urte ditu eta urtebeterako joan da, ikasketak han egitera. Familia amerikar batekin bizi da. Bere senide berriek beso zabalik hartu dute eta jakin minez entzuten dizkiote bere jaioterriko kontuak, aurreiritzirik gabe. Joan den astean, ordea, bi gauza harrigarri gertatu omen zaizkio han ezagutu dituen beste ikasle batzuekin. Bere barrua nahastuta duela geratu da eta zer pentsatua eman diote.

Astean zehar, ikasle kanpotarrek han duten ikasketa-programari jarraituz, gela aurrera atera behar izan zuen, eta ikaskideen parez pare zutunik, bere jaioterriaren aurkezpena egin behar izan zuen. Gure auzoko mutikoaren txanda amaitu eta Madrilgo neska batek hartu zuen hitza, bereaz hitz egiteko. Saioa amaitutakoan Madrilgo neskak esan zion harrituta geratu zela en-tzundakoarekin: ez zekien zer zen Euskal Herria; ezta ikurrina zer zen ere.

Joan den larunbatean, berriz, Iruñeko neska baten etxe amerikarrera joan zen gure mutila, Real Madril eta Bartzelonaren arteko futbol saioa ikustera, Bartzelonako mutiko bat eta Madrileko bi neskatilekin batera.

Partida bukatu eta afaltzen ari zirela, Madrilgo neska hauetako bat hasi omen zitzaion burua berotzen: Euskadi Espainia da, eta zuek espainiarrak zarete; eta euskara zuek asmatutako hizkuntza da. Jarraian, "háblanos en etarra" esan zion. Eta gure mutikoak galdetu omen zion, amorruz beterik: eta zer arraio da etarra? Ondoren euskaraz hitz egiteko eskatu zioten, eta gure bizilagunaren semea euskaraz zerbait esaten hasi zen. Madrildarrak, bat batean: "¿y por qué dices tantas veces ETA?" Gure mutikoa jota dago eta erabaki gogorra hartu du. Orain arte, nongotarra zen galde-tzen ziotenean, Espainiaz hitz egiten zuen eta Euskadi Penintsula Iberiarrean kokatzen saiatzen zen. Baina, halako amorrua eman zion neskatila madrildarrarekin gertatutakoak, hemendik aurrera, nondik datorren galdetzen diotenean ez baitu berriz esplikatuko Espainia non dagoen. Euskal Herriaz hitz egingo omen du, eta bere jaioterria Europan kokatzen saiatuko dela jakinarazi digu.

Espainiako eskumak mamu handi bat sortu du. Eta hainbat espainiarrek sinetsi egin dute. Urteak eman dituzte, ETAren aitzakiarekin, euskaldunon inguruko gezurrezko irudia sortu nahian. Eskuin muturreko tertuliano eta komentaristak telebista eta irrati txikietan agertzen zirenean bazekiten gezurretan ari zirela, baina salbuespen egoera hark gauza asko justifikatzen zituen. Orain egoera aldatu egin da, baina mamuak bizirik dirau, eta berez bizi da.

Beldur naiz, zoritxarrez, denbora asko beharko dela mamua akabatzeko eta, bitartean, mamu horren inguruan sortutako gezur eta beldurrak indargabetu arte, Espainian gobernua hartu duen Rajoyren eskuinak ez duela ausardiarik edukiko egin beharko lituzkeen gauza asko egiteko. Nahiago nuke oker banengo. Laster ikusiko dugu.