Starsky eta Hutch + Pepe Itogin eta Otilio = Espainia kañi
zein onak ziren orain hogeitazak urteko filmak. Bazen polizia ona eta bazen polizia txarra. Biak elkarren lagunak ziren, eta biotako bakoitzak agertzen zuen ikuspegi bat besteen aurrean; izan ere, lehenago esaten genuen moduan, bata zen polizia ona eta bestea polizia txarra.
Gaur egun ez daukat gogoan beltzarana ona zen eta ilehoria txarra, edo alderantziz. Jakin badakit, ordea, bakoitzak itzel betetzen zuela bere zeregina. Bada, azken astean antzeko zerbait bizi ahal izan dugu Espainiako Erresuman zergen arloan.
Azken orduetan ikusi ditugu ministro bat eta ministro-ohi bat, hainbat urtetan elkarren ondoan izan direnak, eta (ematen duenetik) gaur egun elkarrengandik urrun ez daudenak, mezu zeharo kontrajarriak ematen. Trankil egon, irakurle, ika-mikan erabili dutenak ez duelako bestelako garrantzirik, hau da, txikikeria bat izan dute autu-mautuan: nor den aberatsa, eta nork ordaindu behar duen gehiago aberatsa izatearren. Hori dela eta, konturatu gara bakoitzak bete duela berari zegokion betekizuna, inori kalterik egin barik. Barkatu, inori barik?, esan dut, ez, ezperen Jainkoaren grazia jasotzen dutenei. Eta orduan gutxieneko eta gehieneko kopuruak ateratzen ditugu: nor den txiroa, nor den batez bestekoa, nor den aberatsa eta nor den ezin aberatsagoa. Kontu erraza, beraz.
A, zein pertsonaia ederrak, horiek biak! Bata zen koordinatzailea eta bestea, itxuraz, pagamendu txarreko langilea, hau da, aurrekoaren ogipekoa. Pertsonaia horiek agertzen ziren Francoren garaiko txiste-liburuetan; hain zuzen, bestelako argitalpenetan ezin zuten agertu, guztiek ulertuko zuketelako kritika politiko legez. Badakizue edade batetik gora zaudeten guztiok, nik bizi izan nuen legez, maiseo hori egitea delitua zela eta, horrenbestez, kar-tzelara joan gintezkeela.
Bada, pertsonaia horiek anabasa huts ziren, etxe batera sartu eta guztia apurtu. Eta Starsky eta Hutchen moduan, nork bere arrazoibidea azaltzen zuen, bezeroa lur eta zur uzteko. Eta bezero horiek, unean unekoek, ez zekiten zelan jokatu, etxearen azalera aldatzen zelako pertsona bakoitzaren arau, eta bizilekua kokatuta zegoen pisua aldatzen zelako hizlari bakoitzaren elearen arau. Geroenean, bezeroak erabakitzen zuen etxea berak konponduko zuela, eta, horren arabera, arineketan egiten zuen Pepe Itogin eta Otilioren atzetik.
Bada, aste honetan ikusi ahal izan dugu Jose Blanco Sustapen ministro eta Gobernuko bozeramaileak eta Jose Antonio Perez Rubalcaba lehendakari-orde eta ministro-ohiak jokatu dutela modu mistoan: alde batetik, Ameriketako zunda hartuta, hartu dituzte Starsky eta Hutchen portaerak, eta, euren jakinduria gorenean, jakituria hori hornitu dute Pepe Itogin eta Otilioren jokamenduarekin.
Eta nor da aberatsa?, itaunaren aurrean, gauza bat garbi dago: Pepe Itogin Starskyri itaunduta edo Otilio Hutchi galdetuta, diru kopuru bera eskuetan izan arren, gerta daitekeela aberatsa izatea, ezin aberatsagoa izatea, edo batek badaki ni zer naizen ezin erabaki izatea.
Lasai, irakurle: batzuen trakeskeria, beste batzuen txarkeria eta norberaren ulergabezia bateratuta, heltzen gara betiko ondorio gorenera filosofikora: ni Athleticzalea ez banaiz, ez naiz.